“Elikadura sistema aldatzen den heinean, kimikoen erabilera gutxitu daiteke”

Aritz Maldonado 2019ko eka. 29a, 10:00

Irantzu Durok elikagaietan eta elikadura sisteman gai kimikoek duten eraginaz berba egin zuen hilaren 26an, Abadiñoko Txanporta kultur etxean.

Ekidin al daitezke gai kimikoak elikaduran?
Hitzaldian ikusi zen bezala, gaur egungo elikadura sistemari eusteko, gai kimikoak erabiltzen dira fase guztietan: ekoizpenean, garraioan, eraldaketa edo kontserbatze prozesuetan edota horiek prestatzeko momentuan. Bide horretako faseetan, zenbait produktu kimiko erabiltzen dira, hainbat helburugaz. Adibidez, gaur egun denok gaude arduratuta plastikoaren erabileragaz, baina ez dago horrelako alarmarik gai kimikoekin, ukigarriak ez diren heinean. Erabiltzen diren produktu horiek zertarako erabiltzen diren eta gure gorputzean, batez ere emakumeenetan izan dezaketen eraginari buruzko informazioa eskaintzea da hitzaldiaren helburua. Tailer bat ere egin genuen, produktuen etiketak aztertzen ikasteko. Hitzaldiaren helburua informatzea da, batez ere. Ez dut alarmarik eragiterik gura.

Zer eragin dute gai kimikoek emakumeengan konkretuki?
Erreprodukzioan dute eragina, batez ere. Odolaren edo bestelako substantzien bitartez, hainbat gauza transmititzen dizkiegu haurrei; horien artean, guk hartzen ditugun kimikoak ere bai. Horregatik da garrantzitsua informatuta egotea. Produktu hauek koipean pilatzen dira. Emakumeon kasuan, nahikoa koipe pilatzen dugu erreproduzitzeko arrazoiengatik. Titia ematean, esaterako, produktu horiek pilatzen dira. Baina ez da horregatik bakarrik. Funtsean, gure gorputzak ezaugarri horiek ditu. Ezaugarri horiek aipatzen diren arren, nik produktuetan sakontzen dut batez ere, horiek baitira ezagutzen ditudanak.

Elikadura sistema hau mantentzeak zein interes du? 
Gaur egun, elikadura ez da elikatzeko ekintza lez ikusten, beste alor ekonomiko bat lez baizik. Orduan, elikadura antolatzeko logikak logika ekonomikoen arabera daude antolatuta. Hau da, haien artean aparte dauden lekuetan ekoiztu, eraldatu, prestatu eta jaten dira. Janariak distantzia oso handiak egin behar izaten ditu, denbora luzean, eta, jakina, horrelako substantziak erabiltzen dira. Eskulana gutxitzeko ere erabiltzen dira. Industrializaziotik datozen praktikak dira. Funtsean, industrializazioan erabilitako logikak nekazaritzan aplikatu dira, eta elikadura ez litzateke negozio baten moduan ikusi behar.

Badu irtenbiderik?
Badaude alternatibak. Adibidez, Durangaldean, hainbat esperientzia daude beste elikadura eredu bat bultzatzen dutenak. Gertuko elikadura, sasoiko elikagaiak, zuzenean baserritarrei erositako produktuak... Elikadura sistema eraldatzen den heinean, produktu kimikoen erabilera gutxitu daiteke, kontserbatzeko behar den denbora gutxitzen delako, edo ontziratzeko erabiltzen den plastikoa gutxitzen delako, adibidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!