Artilea, sasoi batean produktu erabilgarriazena birziklatu daitekeen hondakin bihurtu da?
Jendeak oparitzeko egiten dituen eskulanetan, adibidez, edozein material erabiltzen du. Baina material jasangarria ere erabili daiteke. Adibidez, ardi latxaren artileagaz hainbat gauza egiten ikasi genezake. Papera ere lantzen dut, zume lez erabiltzeko.
Denerik egin daiteke artileagaz?
Bai. Ortu bertikala edo lanpara bat, adibidez. Apaintzeko ere balio dezake.
Barazki eta frutak erabilita tindatzen duzu artilea…
Produktu begetal freskoagaz edo landare-estraktuagaz bakarrik tindatzen dugu. Landareetatik datozen tindagai naturalekin. Intxaur tintagaz, esaterako, indar handiko marroi polita lortzen da, eta oso kolore homogeneoa ematen du. Kipulagaz, zerbagaz edo espinakagaz urre koloreko tindagaiak lortu daitezke, eta fruitu gorriekin, tindagai more edo gorriak. Mailukiek argi handiko arrosa kolorea ematen dute.
Zein da prozesua?
Artilea behin eta berriro garbitu behar da, eta gero, sikatu. Normalean, uztailean sikatzen dugu, eguzkiak indarra duenean. Behin sikatuta, apurtu egin behar da, eta ile guztiak askatu, gero orrazteko; bi edo hiru bider orraztea komeni da. Gero, artile hori tindatu egiten dugu, kolore finkatzaileak erabilita. Egosten utziko dugu tindagaia emateko. Beste aukera bat gau osoan uztea da. Bestalde, tindagairako erabilitako produktuak ordubetean egosiko ditugu. Landare-estraktuak ere erabili daitezke.
Zer da egin duzun gauzarik arraroena?
Arropa zaharra, gustuko ez duguna, apaintzea gustatzen zait gehien. Polarretan, puntu-lanetan... apaingarria ipinita, bereizi egingo dugu gure arropa. Alabari asko ipintzen diot. Artilea hodeia balitz lez hartu eta feltro lehorragaz gogortzen dut.
Badira urte batzuk Elorrion bizi zarela. Zerk erakarri zaitu gehien?
Bizimodua oso lotuta dago naturagaz hemen, eta asko gustatzen zait hori. Hodeiak ikusita, askok badakite euria datorrela. Hiri batean ez da hodeirik ikusten. Katalunian hondartza ondoan bizi nintzen, baina ez da berdina. Soinuak oso desberdinak dira, naturaren isiltasuna oso polita da...
Zure jolasetako bat Elorrioko bidaia-opari izateko aukeratu zuten 2016an, Elorrioko Aztarnak lehiaketan.
Oso ideia polita zen. Baina konturatu nintzen nirea sormena dela, eta ez ideiak egia bihurtzea. Ipuin bat kontatzen zuten dado didaktikoek osatzen zuten jolasa. Herriari egindako halako maitasun deklarazio bat izan zen. Elorrio altxor bat da: jendea, bizimodua, paisaia, ondarea… baina, askotan, horren parte izanda ere, ez gara horretaz konturatzen.