Lebario auzoko inguruetan autoek hartzen duten abiaduraz kexu dira bertako bizilagunak

Aritz Maldonado 2019ko eka. 18a, 09:30

Lebario inguruetako bizilagunak arduratuta daude autoen joan-etorriagaz. Izan ere, egoera arriskutsuek gora egin dute azkenaldian. Antonio Iturriagagoitia da bizilagun horietariko bat, eta inguruan autoak bizkorregi doazela salatu du: "30 kilometro orduko tarteak dira, eta asko 50-60 kilometro orduko abiaduran doaz". 

Iturriagagoitiaren ustetan, Euskotrenek bertan duen eraikina egiteko obrak amaitu ondoren, nabarmen egin du gora bertatik igarotzen den trafikoak. "Lehen ere bazegoen joan-etorria, baina obrak egin zirenetik 800 metroko aldea dute orain langileek, eta esango nuke hirukoiztu egin dela autoen trafikoa inguruetan".

Udan jende gehiago dabil bertatik, eta arazoak "okerrera" egin dezakeela uste dute bizilagunek. Euren egoera Durangoko Eguskiza inguruetakoagaz alderatu dute. "Lantegietan txanda aldaketak daudenean sortzen dira arazorik handienak", dio Iturriagagoitiak.

Udalaren erantzuna
Kexa udalera helarazi arren, Iturriagagoitiak ez du esperantza gehiegirik. "Neurriak hartu izan direnean, adibidez obrengatik bidea zintekin itxi denean, erabiltzaileek apurtu egin dituzte... Hauteskunde kanpaina ere igarri da", esan du. Hain zuzen ere, hauteskundeei eta gobernu aldaketari egotzi die Jose Luis Navarro jarduneko alkateak erabaki eta neurrien gabeziari. "Kexak heldu dira udalera, eta pasagune altuak eta seinaleak ipini behar direla deritzogu. Hala ere, neurri zigortzaileak ezarri ezean, arazoak konponbiderik ez duela uste dugu. Orain udal gobernu berriari dagokio erabakiak hartu eta hauek martxan jartzea", esan du Navarrok. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!