Hauteskundeak

[ARGAZKI GALERIA] Independenteen babesa lortuta EAJko Mikel Garaizabal izango da Abadiñoko alkate

Anboto 2019ko eka. 15a, 12:13

Hauteskundeak EH Bilduk irabazi arren, EAJ helduko da alkatetzara, Abadiñoko Independienteak udal taldeak jeltzaleen alde bozkatu duelako. Ondorioz, Mikel Garaizabal da alkate berria.

Pleno aretoa beteta, zinegotziek herri subiranoaren aurren zin egin ostean osatu dute udalbatzarra Abadiñon eguerdian. Ondoren, aginte makila hartu du Mikel Garaizabalek. Berak lortu du alkate izateko babes handiena AIko zinegotzien botoei esker. Azken hiru legegintzalditan alkatea izan den Jose Luis Navarroren (AI) eskutik jaso du makila. 

Garaizabalek herritar guztien alkate izan gura duela nabarmendu du, eta aurrean duenari "errespetuzko tratua" emango diola gaineratu. AIko zinegotziei emandako konfidantza eskertu die. Bestalde, EH Bilduko zinegotziei esan die Abadiñoren alde lan egiteko laguntzeko prest izango dutela. "Abadiñoren alde lan egiteko hainbat proiektutan ados egongo garela seguru nago". Elkarlanean jarduteko prest dagoela nabarmendu du.

"Irudipen gazi-gozoa"

EH Bilduko Mikel Urrutiak nabarmendu du oso pozik daudela inoizko emaitzarik onenak lortu zituztelako udal hauteskundeetan. "Horrek zilegitasuna ematen digu herriko dinamiketan gure ekimenak aurrera eramateko. Hala ere, bigarren eta hirugarren indar direnak elkartuta herrian lehenengo indarra denari alkatetzea kentzea lortu dute". Negoziazio prozesuan "herri kohesioa" izan du ardatz EH Bilduk. Urrutiak azaldu duenez, "hiru alderdiok elkarlanean aritzeko eskaintzak egin ditugu, baina, EAJk argi utzi digu hasieratik ez duela nahi inolako elkarlanik EH BIldurekin. AIk bestelako jarrera bat erakutsi du eta horrek herrian elkarlan bat sortzeko bideak zabaltzen ditu". Urrutiak dioenez, "irudipen bat dugu EAJko eta AIko goi mailako ordezkariek dena lotuta izan dutela aurretik, eta gaur hori materializatu dela. Espero dugu aurrerantzean desberdina izatea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!