"Oiloak burugogorrak dira, baina ez dute behar handirik ematen"

Aitziber Basauri 2019ko mai. 25a, 10:30

Kalean bizi dira, Ermuan. Baina lotura estua dute Muntsaratzeko (Abadiño) Erlia baserriagaz. Aitor Arriaga eta Amaia Arriaga han hazitakoak dira, amaren jaiotetxean, eta hangoak dira euren haurtzaroko oroitzapen asko. Lotura hori ez da inoiz ere eten, eta, orain, arrautza ekologikoak ekoizten hasi dira, baserriari irtenbidea emateko aukera ere badelakoan. Erlian 500 oilo dituzte, eta egunero 450 bat arrautza erruten dituzte; oiloak estresatuz gero, gutxiago. Kontsumo kooperatibetan, denda txikietan eta baserrian saltzen dituzte.

 

Zerk eroan zaituzte oiloak ekarri eta arrautza ekologikoak ekoiztera?
Amaia Arriaga:
Arrautza ekologikoetan oraindik ere hutsune bat zegoela ikusten genuen. Gainera, osotasunean hartuz, baserriagaz bat datorren proiektua dela uste dugu, inguruagaz errespetagarria: ekologikoak osasungarriagoak dira, jaten dutena ekologikoa da, transgenikorik erabili barik... 

Gatxa da oiloak gobernatzea?
Amaia: Burugogorrak dira... baina, ez, ez dute behar askorik ematen. Gainera, lau lagunen artean daroagu proiektua. Neba-arreba biok, senarra eta koinata gaude proiektuan sartuta, eta banatu egiten dugu beharra. Bezeroak lortzea, arrautzak saltzea... nahikoa lan dago hor, baina, bestelakoan, oso eroangarria da oiloekin beharra egitea. 
Aitor: Hala da, bai. Gu ere ikasten ari gara. Oilo batetik bestera aldea dago. Ekarritako lehenengo oiloek harritu egin ninduten, zein mantsoak ziren ikusita. Hurrengo ekarritakoak, ostera, oso beldurtiak dira, oso lotsatiak. Ez dute elkarren artean zerikusirik. 

Zein da zuen eguneroko beharra?
Aitor: Goizean kanpora ateratzen ditugu oiloak, eta errun dituzten arrautzak batu, sailkatu eta saltzeko prestatzen ditugu. Errutokiak garbitzen ditugu gero.  Arratsaldean, berriro garbitzen ditugu.

Zoriontsuak dira zuen oiloak?
Amaia:
Baietz esango nuke. Libre daude, euren airera. Gura dutenean jaten eta edaten dute. Iluntzean, oilotokira sartzeko joera dute. Gauean, itxi egiten diegu atea.

Mimo asko eskatzen dute?
Aitor:
Mimorik ez, baina ura eta jana, bai. 
Amaia: Guraina ur dute, gura dutenean hartzeko, eta jatekoagaz selektiboak dira: ale handia gustatzen zaie. Kanpoan daudenean, bedarra, harrak... jaten dituzte. 

Zapore askotako arrautzak ekoizten hasi dira orain...
Aitor: Urdaiazpikoa eta arrautza, bakoitza bere aldetik jatekoa naiz ni. Arrautzari beste zapore bat emateko, babestu egiten duen kutikula kendu behar zaio. Porotsua bihurtzen da eta edozein patogeno sartu daiteke.
Amaia: Irakurri dudanez, nahiko era naturalean lortzen dituzte zapore askotako arrautzak, baina ikusi egin beharko litzake. Hala ere, nik ere gurago dut zaporeak ez nahastu.

Salmenta zuzenaren alde egin duzue apustu. Zergatik?
Aitor:
Arrautzak zuzenean banatzea ekologismoa gorenera eroatea da, horren zati garrantzitsua da. Bestalde, ezinbestekoa da bertako produktua sustatzea.
Amaia: Ekoizleak sortzen duen guztiari balioa ematea garrantzitsua da; hori estimatzea eta bere tokian jartzea. Salmenta zuzenagaz gertutasun bat lortzen da eta produktuari garrantzia ematea.

Ekologikoa da etorkizuna?
Aitor:
Hala beharko luke. Ingurua babestu gura badugu, beharrezkoa da. Horixe da joera. Baina ezjakintasun handia dago oraindik. 

Zelako arrautzak erruten dituzte zuen oiloek?
Amaia: Zuringo sendoa eta zapore gozoa dute. Ederra da arrautza ekologikoa jatea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!