Ainhoa Urien Telletxe Koipelustre’s talde abadiñarreko partaidea da, eta taldekako finalari begira indartsu daudela baieztatu du: “Talde indartsua dugu, eta saio ona izatea itxaroten dugu”. Durangoko eta Iurretako taldeek ere modu positiboan berba egin dute aurreko saioen gainean. Tronperrieta taldeko Erika Lagoma Pombar bertsolariak “final polita” egitea itxaroten dutela dio. “Oso talde jatorra batu gara, gustura pasatu dugu elkarregaz, eta, gainera, saioak ondo irten dira”, gaineratu du. Lehenagoko saio biekin gogoratu da Iruri Altzerreka Martinez. Bigarrenean, markinarrekin parekatuta ibili ei ziren, eta finalera “disfrutatzeko eta ondo pasatzeko gogoz” doaz Miotako Bidelapurrak.
Bertsolaritzan, desberdina da taldeka edo bakarka aritzea. Urieni, esate baterako, taldeka aritzeak beste modu batera ezagutuko ez lukeen jendea apur bat gehiago ezagutzeko aukera eman dio. "Herria ordezkatzeko aukerak talde izaera indartzen du”, adierazi du. Hari berari helduta, taldeak kohesionatzeko era dela berretsi du Lagomak: “Elkarrekin egoteko beste modu bat da”. Altzerreka ere konfiantzaz mintzatu da: “Konfiantza gehiagogaz aritzeko aukera ematen du taldekakoak. Informalagoa da, eta bakarka ausartzen ez denak ere badu lekua”.
Eskualdeak aktibatzeko eta indartzeko helburua du taldekako saioak. Aurtengo finalean Durangaldeko taldeak dira guztiak, eta Urienek esan duen moduan, “irabazten duenak irabazten duela ere, etxean geratuko da txapela”. Txapelketei begira, Durangaldean bertsotarako "oso maila ona” dagoela onartu du Lagomak, baina hobea izatea gustatuko litzaiokeela ere aipatu du.
Eskolartekoak
Goizean, eskolarteko finalak izango dira. Idatzizkoa 10:00etan izango da, eta bat-batekoa, 11:30ean. Gazteak bertsolaritzara erakartzeko helburua du eskolartekoak. Durangaldeko Bittor Altube eta Ander Sarriugarte arituko dira bat-bateko finalean.