13-14 urtegaz Etxebarritik Bilbora oinez joaten zinen, rap kantariekin egoteko. Zelakoa zen giroa?
Gizonezkoak ziren denak. Ez da erraza izan, zeren, azkenean, ni gaztea nintzenean ez nuen ulertzen… Kontsumitzen nuena eta ikusten nuena egiten nuen; erreferente guztiak gizonezkoak ziren. Hortaz, ez zegoen aukerarik besterik egiteko. Eurak bezala janzten nintzen –gustatzen zitzaidalako ere bai–, eurek bezala rapeatzen nuen… Gaztea zarenean ez zara konturatzen. Adinean aurrera konturatzen zara emakumea izanda, agian, gauza ezberdinak egin gura dituzula. Egia esan, ez dut arazorik izan emakumea izateagatik, baina bai oholtzara igotzen nintzenean, mikroa jartzen zidatenean ea zer egiten nekien esanez bezala. Euren artean ez zegoen halakorik, baina ni emakumea nintzen eta banekiela rapeatzen erakutsi behar nuen. Beti diot emakume izateagatik bizitzan birritan edo hirutan erakutsi behar badituzu gauzak, rapean hiru, lau, bost, sei bider erakutsi behar dituzula. Gizonezkoen mundua izan da beti. Hortaz, jasan dut diskriminazioa? Bai, baina gerora konturatu naiz.
Zer da Eskina Femenina?
Maiteminduta nago proiektu honegaz. Egin beharreko gauza zen. Orain sei urte abiatu zen. Idazketa tailerrak egiten ditut ikastetxeetan. Euretako batean mutil gazte bat etorri zitzaidan, harrotuta. “A, emakumea zara? Baina emakumeek ez dakite rapa egiten”, esan zidan. Askok ez dakite rapa egiten duten emakumeak ere existitzen direla, eta pentsamolde hori aldatu behar dugu. Aneguriagaz berba egin nuen, horren aurrean zerbait egiteko. Dirurik ez geneukanez, Youtuben kanal bat sortzea pentsatu genuen, emakumeek bideoak jartzeko. Lauzpabost neska ezagutzen genituen, baina ez zeukaten bideorik. Irratian ere aritu ginen, saio bat egiten. Idazketa tailerrak ere egiten ditugu, gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat. Jendeak uste du emakumeentzat direla bakarrik, eta, nire ustez, oso garrantzitsua da gizon batek jakitea zer den emakume izatea raparen munduan. Gure idazketa tailerrak ez dira itxiak. Horrela hasi ginen, eta Eskina Femenina proiektua, azken batean, emakumeak lanean ari direla jakinarazteko da, eta emakumearen lana hip-hoparen munduan zabaltzeko.
Beste proiektu bat ere baduzu esku artean.
Autobiografia bat da. Nire bizitzaren istorioa eta emakumeen eta raparen arteko lotura. Diskoak grabatu bai, baina nik betidanik idatzi dut eta liburua egin gura nuen. Ia amaituta daukat eta aurten kaleratuko dut, seguru. Agoia du izenburu.
(Elkarrizketa osoa Ttap aplikazio multimedian)