Zer da DJ Dema?
E.H.: Funtsean, DJ bi egongo gara, ordenagailu bigaz. Hautagaitza etengabearen garaia bizi dugu, eta guk anestesiaren joko demokratiko horri gure ekarpentxoa egingo diogu. Alusek kantu edo gai bat proposatuko du, eta nik gai edo kantu kontrajarri bat proposatuko dut. Demokrazia zuzena (barrez).
G.A.: Gutako bakoitza kolore bategaz identifikatuko da. Txartelak banatuko ditugu jendearen artean, eta eurek erabakiko dute zein izango den saioko hurrengo kantua.
Parte-hartzailea izango da saioa, beraz.
G.A.: Estilo anitzetako abestiak proposatuko ditugu. Jendea gure proposamenetara moldatuko da. Abesti batzuk ere utziko ditugu jendeak erabakitzeko.
E.H.: Edozer gertatu ahal da, oraindik ez dago guztia itxita. Musika joko modura planteatzen ahaleginduko gara. Esaten da dena kontatuta dagoela musikan, eta horrela izango da beharbada, baina gure ekarpena, egotekotan, musika entzuteko forma hori aldatuko dela da.
Eta zein estilo aukeratu dituzue?
E.H.: Nahiko musika txosneroa izango da. Azkenaldian, zumba musika jabaetzen ari da txosnetako dezibelioez, baina ez digute galdetu ea txandala eta toalla ekarri gura ditugun txosnetara. Gu zintzoak izango gara. Gure demara datorrenak txosnetako musika edukiko du ondo pasatzeko.
G.A.: Biluztu egingo gara jendearen aurrean, baita modu literal batean ere. Dekoratua prestatzen ari gara, boxeo ringa izango dena beharbada. Lehia hori islatuko dugu.
E.H.: Beti dago lehia hori. AEB-SESB, Hego Korea-Ipar Korea, Polimili-Mili, Diario Vasco-Argia... guk ere etekina aterako diogu gerra horri.
Txosnek betiko izaera hori galdu dutela uste duzue?
G.A.: Baliteke. Garaiak ere aldatu egin dira. Beste estilo batzuk gehiago entzuten dira; rapa, esate baterako.
E.H.: Indarrean egon den testuinguru soziopolitiko baten ondorio izan dira txosnak beti. Testuingurua aldatu den heinean, txosnagune kontzeptua ere noraez batean dago. Aldaketa garai bat bizi dute txosnek, eta beharrezkoa da hori. Zein da helmuga? Ez dakigu.
G.A.: Euskarazko musikaren aldeko apustua ere egiten dugu. Zergatik ematen zaio indar gehiago kanpoko musikari hemengoari baino? Hemengotasuna defendatzeko modu bat da hau.
E.H.: Gaur egun, kanpokoa ez zaigu hain arrotz, onerako zein txarrerako. Estetika berriak sartu dira, rapa, reggaetoia, trapa... Kontzeptu aldetik ondo dago, baina umezurtz utzi du orain arte txosnagunean hezi izan den izaki mota hori.
Hutsik egingo ez duten hiru abesti aukeratu
G.A.: Kuraiaren 'Egunsentian', Etzakiten 'Egina', eta Leihotikanen 'San Fermin'.
E.H.: Kortaturen 'Zu Atrapatu Arte!', ETSren 'Musikaren Doinua' eta Rafaela Carraren 'Explota mi corazón'.