Aurtengo urrian Munduko Pilota Kopa jokatuko da. Hitzordu horri begira, Espainiako selekzioarekin entrenatzera deitu dituzte Asier Aspuru, Ekhi Ziarrusta eta Inhar Ugarte pilotariak. Hirurek ezetz esan diote Alfonso Sanz Espainiako trinkete arloko hautatzailearen eskaintzari. “Espainiako selekzioak ez nau ordezkatzen”, adierazi du Aspuruk. “Soilik Euskal Herria ordezkatzen jokatuko nuke”, gehitu du.
Euskal kirolariak Espainiako selekzioarekin joatea Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasun eza “normalizatzea” dela iruditzen zaio. Uko egitea, aldiz, gaia “sozializatzeko” eta “ofizialtasunaren aldeko kontzientzia sortzeko” modu bat dela uste du.