Garaipen bategaz eta zortzigarren postu bategaz itzuli zara Japoniatik. Zelako balorazioa egiten duzu?
Balorazioa oso positiboa da. Behin Japoniara joanda, bertikala eta lasterketa, biak egitea zen gure asmoa. Bertikala egitea nire nahi bat izan zen, eta inongo pretentziorik barik aritu nintzen. Irabaztea lortu nuen eta balorazioa ezin hobea da. Lasterketako zortzigarren postuagaz ere pozarren nago, maila izugarria zegoen eta.
Mendi lasterketen Munduko Kopa ezin hobeto hasi duzu.
Bai. Bertikala irabazita eta lasterketan zortzigarren eginda, ezin dut gehiagorik eskatu. Gainera, Japonian maila handiko korrikalariak egon dira, nesketan batez ere, eta hori ikusita, lortutakoak konfiantza eman dit.
Japoniara joan aurretik, espero zenuen horrelako emaitzak lortzea?
Egia esan, ez genuen erreferentzia handirik; bertikalean, batez ere. Bertikalen Sky modalitateko Munduko Kopa lehiatzen dabilen beste emakumezko bat ere bazegoen, japoniarra, bertikaletan espezialista handia eta faborito nagusia. Beste lehiakideak ez ezagutzera, ez nekien ze postutan egon nintekeen. Lasterketari dagokionez, hamarren barruan sartzea zen hasierako asmoa, baina zer nolako korrikalariak zeuden ikusi nuenean, hamabosten barruan egon nintekeela pentsatu nuen. Azkenean, zortzigarren izan nintzen, helburua ondo beteta.
Ze helburu jarri dizkiozu zeure buruari Munduko Koparako?
Helburu nagusia pentsatu dugun egutegia betetzea izango da, lesionatu barik. Eta, posible bada, lasterketa guztietan hamarren barruan sartu eta puntuak batzen joatea, urrian Italian jokatuko den finalean egoteko, han dena emateko eta disfrutatzeko.