18:00etan showcooking bat eta Txiki Txef saio bat eskainiko ditu; lehena publiko guztientzat, eta bigarrena umeei begira. Haurrei kozinatzen erakustea da Txiki Txefaren helburua, sukaldaritzako tresna eta metodo errazak erabilita. Iaz, esaterako, frutaren bidez osatu zituzten jakiak. Modu horretan, etxean umeei jatekoa emateko orduan izaten diren arazoak saihestea ere bada tailerraren funtsa.
Atxondoko migratzaileentzat
Bestalde, kutsu solidarioa ere edukiko du ekimenak. Izan ere, zita aprobetxatuta, janari eta arropa bilketa egingo dute. Atxondon migratzaileei babesa emateko Harrera Taldea sortuta dago, eta sei migratzaileri laguntza ematen ari dira Axpeko aterpetxean. Traña-Matienako txosnetakoek bilketa haien alde egitea erabaki dute, era horretan proiektuari bultzada emateko. Iazko edizioan, Mediterraneotik Greziara heltzen diren errefuxiatuei jatekoa eskaintzen dien Zaporeak egitasmoaren aldeko janari bilketa egin zuten.
Hauxe da eskatu duten produktuen zerrenda:
Janaria: esnea, azukrea, olioa, irina, pasta, gatza, lekaleak, arroza, kuskusa, tomate frijitua, maionesa, espeziak, fruitu sikuak, datilak.
Higienerako: haginetako pasta, gelak, xanpuak, kremak, komun eta sukalderako papera, lixibak, zakar poltsak.
Arropa: gizonentzako 43-46 neurriko oinetakoak, udako arropa, toallak, motxilak.