San Prudentzio jaiak

Aisialdian eta balioak sustatzen egindako lanagatik, Katalamixonek botako du txosnaguneko txupinazoa

Joseba Derteano 2019ko api. 24a, 09:29

Katalamixon aisialdi taldeak botako du txosnaguneko jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Zapatuan izango da, 13:30ean.

Aisialdi alternatiboa eskaintzen zein gazteen artean askotariko balioak zabaltzen egindako ahalegina eskertu gura diete, txosnagunetik jakinarazi dutenez. Katalamixonetik, berriz, "esker oneko" agertu dira euren lana baloratzeagatik, eta bidelagun dituztenekin eta izan direnekin gogoratu dira. "Eskerrak eman gura dizkiegu aisialdi taldeko begirale izan diren denei. Baita gugaz lan egiten duen guraso taldeari ere, babes handia eskaintzen digutelako", adierazi du aisialdi taldeko kide Ander Saeterok.

Katalamixonek hiru urte daramatza aisialdia heziketako baloreekin lotzen. "Taldea sortu zenetik, argi geneukan aisialdi alternatiboa eskaini bai, baina balio hezitzaile batzuetan oinarrituta ere egon behar zela", adierazi du Saeterok.

Euskara, ardatz nagusia
Ardatz asko lantzen dituzte, baina "nagusiena" euskara da. "Ikusten genuen Abadiñon eta auzo batzuetan eskola eremuagaz lotzen zutela gazteek euskara, eta handik kanpora ez zutela hartu-eman handirik hizkuntzagaz. Euskara beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera moduan ikusten genuen aisialdia", gogoratu du. Euskaraz bizi dira taldean, eta euskarari lotutako hainbat ekimen prestatzen dituzte: Euskarazi Bizi postal lehiaketa, Euskara Egunari lotutako egitarau zabala…

Ingurugiroarekiko eta naturarekiko balioak sustatzen ere saiatzen dira, birziklapenaren inguruko ekimenak antolatuz edo Berton Bertokoa mugimendukoen lana ezagutuz, besteak beste. Aniztasun funtzionala dutenen Geu Be elkarteko gazteekin egindako sukaldaritza jardunaldia da aisialdi soiletik haratago joatearen beste adibide bat. "Hasieran ez genekien zelan irtengo zen, baina, azkenean, bai gu, bai eurak oso pozik ibili ginen. Errepikatzeko moduko ekimena izan zen", baloratu du Saeterok.

Hiru urtetik aurrerakoekin hasiberriak
Orain arte 3-15 urte arteko adin tartean zentratu dira batez ere. Hori baino gazteagokoen ekimenak aldian-aldian antolatu dituzte. Baina 2019a hasi denetik, hiru urtera artekoen ludoteka kudeatzen ere badabiltza. Orain adin tarte denei begirako ekintzak prestatzen dituzte. Umeekin hainbat tokitan batzen dira, astero eskulanak eta bestelako jolasak egiteko.

Udaleku finko-ibiltariak
Aurten nobedade bat izango dute udalekuetan: finkoak ez ezik ibiltariak ere izango dira. Eredu biak uztartuko dituzte Nafarroan, Lizarra eta Mendigorria inguruan garatuko den egonaldian. "Aurtengo berrikuntza nagusia da eta ilusio handiz gabiltza lanean", adierazi du Saeterok.

Apirila amaitu bitartean, oraindik izena emateko aukera dago katalamixon@gmail.com helbide elektronikoaren bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!