“Motibatuta eta sasoi onean nago; lan eginda gauzak lortu daitezkeela badakit”

Maialen Zuazubiskar 2019ko api. 6a, 11:30
Ezkerretik hasita, Rodriguez eta Zuazubiskar

Espainiako Kopako azken jardunaldia jokatu da asteburuan, Valentzian. Illart Zuazubiskar eta Markel Rodriguez protagonista izan dira. Jubenil mailan Rodriguezek irabazi du Kopa.

Espainiako Kopa irabazi berri duzu. Zer moduz joan ziren asteburuko lasterketak?
Hasieran ez ginen oso ondo ibili. Proba guztietan puntuak batzea zen helburua, hau da, lehenengo bosten artean sailkatzea, baina lehenengo proban, puntuaketan, ezinezkoa izan zen. Kanporaketan, ostera, irabaztea lortu nuen. Madisonean erorikoa izan nuen lasterketa hasieran, eta, beraz, txarto hasi ginen. Hala ere, bigarren postuan amaitzea lortu genuen Telmo Senperenak eta biok.

Kanporaketan, sasoi onean zaudela erakutsi zenuen, proba nagusitasunez irabazita.
Egia esan, ez da nire probarik gogokoena. Orain arte, ez zait proba hau ondo irten. Baina zortea aldeko izan nuen, selekzioko kideek asko lagundu zidaten eta horrek guztiak amaierara indarragaz heltzen lagundu eta erraz irabaztea lortu nuen.

Madisonean, azken unean galdu zenuten urrezko domina. Hala ere Senperenagaz bikote indartsua osatzen duzula erakutsi zenuen.
Sarritan parte hartu dugu elkarregaz, eta oso gustura aritzen naiz. Primeran konpontzen gara biok, belodromoan zein pistatik kanpo, eta hori abantaila handia da.

Aste Santuan Espainiako Txapelketan izango zara. Kopa irabaztea presioa ala motibazioa da?
Motibatuta eta sasoi onean nago; lan eginda gauzak lortu daitezkeela badakit. Hala ere, txapelketa guztietan izaten da presio puntu bat. Beraz, lasterketa horretan ere nabarituko dut presio apur bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!