Zergatik zaude haserre?
Parke berria egiteko asmoa dute hemen, eta, horretarako, dauden arbolak kendu gura dituzte. 50 kilometroko inguruan ez dago honelako parkerik duen herririk. Platanero hauek [Platanus Hispanica] 100 bat urte dituzte. Hiriburu guztietan daude honelako arbolak, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, adibidez, eta arbolarik gogorrena eta apurtzeko arriskurik gutxien duena da. Ni hemen bizi izan naizen ia 70 urteetan ez da arazorik egon. Lehenago ere, ingeniariek zerbaitegatik sartuko zuten parkeetan arbola mota hau. Bazekiten segurtasun aldetik gogorra zela. Lehen, jakituria gehiago zegoen lurrari buruz. Berez, hau da ferialeku originala. Ehun urteko historiagaz horrela amaitzea ere...
Zergatik kendu, orduan?
Arbolei sekula ere ez zaie bizitza zikloa moztu behar. Adibide moduan, Donostia jarriko dizut. Kontxako pasealekuan dauden arbolak guztiz ustelduta eta apurtzekotan daude, baina torlojuekin-eta ebatuta daude. Eta hil arte ez dituzte aldatuko. Horixe da jarraitu beharreko mentalitatea. Hirigintza egiteko beste modu bat da, zuhaitzari errespetua erakusten diona. Zuhaitz hauek oxigeno asko sortzen dute, eta hori oso garrantzitsua da herri batentzat. Sekulako astakeria da arbola hauek kentzea, are gehiago fundizioa hemen alboan dagoela kontuan hartuta. Inguru guztia zuhaitz hauek mantentzen dute. Azken 33 urteetan ni ibili naiz hauek inausten, eta teknikariek askotan argudiatu dute, adibidez, arbolak okertuta daudela. Hain zuzen ere, horixe da parkea bera polit egiten duena. Natura ez da perfektua, eta bizi araua da guztia berdina ez izatea.
Gaixorik daudela diote.
Hori gezurra da. Azalari begiratu besterik ez dago. Aparte, parke berria ezartzean, nork garantizatuko du parke berrian gerizpea egongo dela? Zein arbola sartuko dute, gogorragorik ez bada? Parke baterako, ez dago hau baino erresistenteagorik. Lorategi botaniko bat egin behar bada, ados, baina, ostantzean, hauxe da onena. Hau sei-zazpi urtean inausten da, eta segituan egiten da itzala.