Abadiñoko Udala Osakidetzarekin akordio bat lortzen ari da Zelaietan Osasun Zentro berri bat egiteko. Ohar bidez jakitera eman dutenez, orain dagoen zentroa txiki gelditu da, eta osasun sailak Abadiñoko Udalaren eskaria "ulertu" du. Horrez gain, negoziazioak " oso aurreratuta" daudela adierazi dute.
Bestalde, zentro berria oraingoaren bikoitza izango dela, Txanporta Kultur Etxearen osteko etxebizitza blokean kokatuta egongo dela eta 400 metro karratu izango dituela azaldu dute. Bertan, medikuntza orokorreko bi kontsulta-gela, erizaintzako beste bi kontsulta-gela, erizaintzako kontsulta-gela polibalente bat sendaketak, analisiak eta bestelako frogak egiteko, pediatriako kontsulta-gela bat, itxarongela bat eta bainugela egokitu bi izango ditu. Baita, batzargela bat, bulego bat, aldagela bi eta biltegi bat.
Zentro zaharra jubilatuen etxe
Horrez gain, prentsa oharrean egun Osasun Zentroa dagoen gunean jubilatuen egoitzako taberna jarriko dutela jakinarazi dute. "Horrela bikoiztu egingo da zaharren etxeko tabernaren azalera eta jubilatuek ingurune lasaiago eta seguruago baten ibiltzeko aukera izango dute", esan du Jose Luis Navarro alkateak.