“Aurre estreinaldia izango da Durangokoa; pozik gaude San Agustinen antzezteagaz”

Anboto 2019ko mar. 2a, 09:00

Zirkuaren, mugimenduaren eta antzerkiaren nahasketatik sortutako obra da '`E.go'. Endika Salazar interprete abadiñarraren, eta Pau Portabella eta Pablo Ibarluzea zuzendarien eskutik, martxoaren 3an ikusi ahalko dugu, 19:00etan, San Agustin kultur gunean.

Zer ikusi ahalko dugu '`E.go' obran?
Zirku garaikideko espektakulua da `E.go. Obraren gehiengoa malabareen teknika erabilita adierazita dago. Nire egoez mintzo da ikuskizuna. Naizen guztietatik abiatuta, naizen guztia antzemateaz.

360 graduko ikuskizuna da.
Obra publikoaren hurbilekoa da oso. 360 graduko ikuskizuna eginda, laugarren pareta hautsi egiten dugu. Interpretea eta publikoa bat bera izan daitezke `E.go ikuskizunean, agertokira sartzeko eskatzen diet ikusleei, lotura bat eraikitzen dut eurekin.

Badago malabareez aparteko beste diziplinarik?
Espresio guztiak malabareen bidez adierazten dira. Zirkua hizkuntza baten moduan ulertzen dut nik. Pertsonaiak bizi dituen emozioak malabareekin azaltzen saiatzen gara. Objektu bera da, baina modu ezberdinetan maneiatuta. Antzerkian eta dantzan trebatu naiz ni. Orduan, malabareez gain antzerkia ere badago. Mugimendua eta adierazkortasuna baita.

Zergatik egoei buruzko obra?
Adierazteko beharrizanetik sortzen da `E.go. Zirkua artea da niretzat. Ni ez naiz aktore lanetan trebea. Niretzat, errazena, nire barnetik, nire ardurez adieraztea da. Naizenaren bilaketa pertsonalean nabil momentu honetan, nirean bizi diren egoak ezagutu gura ditut. Ego batzuk jende askorengan errepikatzen dira, beste batzuk, ostera, ez. Guztiok ezberdinak gara gure artean, edota oso berdinak. Horretaz berba egin gura dut ikuskizunean.

Etxetik gertu egingo duzu ikuskizuna.
Aurre estreinaldia izango da Durangokoa, eta pozik gaude konpainian San Agustinen antzezteko aukeragaz. Abadiñon egitea ere gustatuko litzaiguke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!