Abadiño Kirol Elkartetik “utzikeria” salatu dute futbol zelaiko lanen inguruan

Joseba Derteano 2019ko ots. 20a, 13:14

Zelai artifiziala jartzeko obrek hileetako atzerapena daramatela eta aldagelak egiten hasi ere ez direla egin diote.

Astolan dauden futbolerako azpiegiturak handitzeko lanak martxan daude baina atzerapena daramate. Horrek jokalariei zein euren gurasoei eragiten dizkien trabak  ikusita, Abadiño Kirol Elkarteak komunikatu bat argitaratu du argibideak emateko zein udalaren eta lanen ardura duen enpresaren “utzikeria” salatzeko.

Aldagela berriak egingo zituztela eta zelaian belar artifiziala jarriko zutela ikusita, Abadiño KE-k talde kopurua handitu zuen: 12tik 18ra. Plana zen urrirako zelaia prest egotea eta bitarte horretan talde batzuek Durangoko Jesuitetan entrenatzea eta Zornotzako Txolon zelaian jokatzea. Baina iazko urrian lanak oraindino hasi barik zeuden. Azaroan hasi zituzten, hiru hilabeteko exekuzio epearekin, klubetik jakinarazi dutenez. Epe hori ere joanda, zelaiko lanak ez dira amaitu eta aldageletakoak hasi barik daude. “Hiru hilabete hauetan hiru astetan ere ez dira lanean aritu. Hasiera batean zapatuetan eta domeketan ere lan egingo zutela esan ziguten, baina kasu hori ez da eman behin ere. Ulertu dezakegu lanak atzeratu daitezkeela egin duen eguraldiagatik eta badakigu euri asko egin duena, baina askotan hori aitzakia moduan erabili da. Beste zerbait egin zitekeen eta ez da ezer egin”, salatu dute.

Joan zen asteko gertaera batek agortu die pazientzia. “Obren epealdia handitu zitzaion enpresari eta asteburuetan lan egingo zutela zioten. Baina hori esan eta hurrengo egunean, makinak jaso eta beste obra batera joan ziren. Azken asteetako eguraldi onarekin lanak aurreratu zitezkeela uste dugu, baina ez datoz lanera eta inork ez du ezer egiten egoera hori aldatzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!