"Orokorrean, Abadiñori buruz dagoen ikuspuntua nahiko baikorra da, nagusientzat atseginagoa egin badaiteke ere"

Aritz Maldonado 2019ko ots. 20a, 09:05

Abadiño nagusientzat herri atseginagoa izateko asmoagaz, Abadiño Lagunkoia proiektua jarri zuten martxan 2017ko ekainean. Azken hilabeteetan saioak egin ostean, batzar horietatik ateratako ondorioak biltzen dituen diagnostikoa aurkeztu zuten joan den otsailaren 7an.

60 urtetik gorako ia 100 lagunek parte hartu dute saio hauetan. Lagun horietako lau dira Amaia Olabarriaga, Jose Mari Macias, Eduardo Gabiria eta Iñaki Pagonabarraga, eta ekimenak edukitako harrera ona nabarmendu dute. "Garrantzi berezia eman gura izan diogu diagnostikoa bera egiteko bideari, ez bakarrik emaitzari", azaldu du Olabarriagak. Zaintza eta parte-hartzaileen artean sorturiko giro ona izan da horretarako gakoa, Pagonabarragaren esanetan: "Saioen tarteetan atsedena hartzen genuen, kafea hartzeko eta gailetak jateko". Zortzi lantaldetan banatuta, nagusiek euren kezka eta beharrizanak zerrendatzen eta horiei buruz eztabaidatzen aritu dira. Besteak beste, hirigintzaz, garraiobideez eta etxebizitzaz jardun dira. Hala ere, dena ez dela kritika izan azpimarratu dute. "Orokorrean, Abadiñori buruz dagoen ikuspuntua nahiko baikorra da, eta hobetzeko gauzak dauden arren, jendea pozik bizi da bertan", adierazi du Gabiriak.

Bigarren fasea
Parte hartu duten lagunen artean, 140 proposamenetik gora jaso dituzte diagnostikoan. Bihar abiatuko da bigarren fasea. "Erronka polita izango da, izan ere, oraingo honetan guk geuk hartuko dugu prozesua dinamizatzearen ardura", azaldu du Gabiriak. "Formakuntza jaso dugu, eta gogotsu gaude praktikan jartzeko", gehitu dio Maciasek. Jasotako ideiak proposamen egingarri bilakatzea da fase honen helburua. Hurrengo deialdia otsailaren 21ean dute, 18:00etan, Errota kultur etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!