“Jaitsiera arina bada, 70 kilometro orduko abiadura gainditu dezakegu”

Joseba Derteano 2019ko ots. 18a, 09:15

Bizikletazalea da Gaizka Juaristi. Errepidean zein mendian dabil, errubera biren gainean beti. Mendiko bizikleta jaitsiera askotan parte hartu du. 16 urte zituela zaletu zen, eta 22 urte geroago ez du uzteko asmorik. Abiadura, teknika, fisikoa eta zoramen puntua uztartzen dituen kirol honek gero eta zale gehiago dituela dio.

Noiz hasi zinen bizikletan jaitsierak egiten?
Gaztetan, 16 bat urtegaz. Osabak urte askoan egin izan ditu, 90eko hamarkadan hasita, eta beragatik hartu nuen afizioa. Gure etxean beti egon dira bizikletak.

Errepideko txirrindularitzak ez zintuen erakarri?
Egia esan, mendirako joera izan dut beti. Ibiltzen naiz errepidean, gustuko dut, baina entrenamendu moduan edo martxak egiteko. Errepideak alderdi fisikoa lantzen laguntzen du. Enduroan ere ibiltzen naiz. Bizikleta gainean gozatu egiten dut, modu batera zein bestera.

Zelakoak dira mendi jaitsieretako probak? Antza, jaitsierak ez ezik igoerak ere inportanteak dira.
Hala da. Rally baten antzerakoa da. Parte-hartzaile bakoitzak hainbat jatsiera egin behar ditu, denbora mugatu batean. Jaitsiera egin ostean, hurrengo irteera puntura sasoiz heldu behar duzu; bestela, penalizazioak daude. Ezin zara erlaxatu, eta apurka-apurka nekatzen zoaz. Azkenean, jaitsieretara neke puntu bategaz heltzeko egiten dute. Nekatuta, errazagoa da akatsak egitea. Denbora denak kontuan hartuta, lau bat orduko probak dira, 1.500 bat metroko desnibelekoak.

Jaitsieretan, zenbateko abiaduran ibiltzen zarete?
Tarte bakoitzak dituen ezaugarrien araberakoa da abiadura. Jaitsiera oso arina bada, 70 kilometro orduko abiadura gainditu dezakegu.

Zoramen puntu bat behar da?
Bai, baina zoramen kontrolatua. Izan ditut erorikoak, baina hogei urtean ez dut hezurrik apurtu. Pitzadura txikiak izan ditut bakarrik. Besoko tendoi batean ebakuntza egin zidaten, baina ez eroriko bategatik. Zure muga ez gainditzea da kontua. Bestela, lurrera zoaz.

Baina kontrolatu ezin diren faktoreak ere badaude. Ibilbidearen egoera, esaterako.
Tarte bakoitza aurretik aztertzeko modua izaten dugu. Normalean, erorikoak nekearen ondorio dira.

Beste lehiakideek baino segundo bat geroago frenatzean dago gakoa?
Gakoetako bat da. Zenbat eta geroago frenatu, hobeto. Jausi barik, jakina. Abiaduraren eta kontrolaren arteko oreka bilatu behar da.

Nola doa denboraldia?
Urtarrilean hasi da. Hurrengo asteburuan, Ponferradara (Gaztela eta Leon) noa, Espainiako Open antzerako lasterketa batera. Lehenengo lasterketa da. Ondo entrenatu naiz eta ikusi egin beharko da zelan doan.

Aurten, zeintzuk izango dituzu hitzordu nagusiak?
Arrasaten Espainiako Open-eko lasterketa bat antolatuko dute irailerako. Gogotsu nago parte hartzeko. Beste proba batzuk ere baditut egutegian, baina laster aita izango naiz bigarrenez, eta ez dut hainbeste denbora izango.

Urteak aurrera joan ahala abiadura galdu egiten da?
Baietz esango nuke. Kirol honetarako, adinik onena 25-27 urte bitartekoa dela uste dut. Nire esperientziatik hori esan dezaket. Hortik aurrera, erorikoak izan eta gero kontuz ibili behar dela konturatzen zara eta ez da berdina.

Alegia, ez daukazula gaztetako abiadura.
Ez, baina orain gazteagotan baino esperientzia gehiago dut . Batak bestea konpentsatzen du.

Garaipenak lortutakoa zara.
Bai, pozik nago emaitzekin. Aurreko denboraldian, Irisarriko probako scratcha irabazi nuen eta Arrasaten bigarren geratu nintzen nire kategorian. Hala ere, emaitzei baino, beste gauza batzuei balio gehiago ematen diet: ezagutu ditudan tokiei eta egin ditudan lagunei. Kirol honek asko eman dit.

Badago bereziki gustatu zaizun probaren bat?
Alpe d'Huez mendiko jaitsieran parte hartu nuen orain hamar bat urte, eta oso oroitzapen onak ditut. Megavalanche modalitateko proba da; hau da, 2.000 ziklista batera irteten dira, eta ez banan-banan. Glaziar batetik hasten da eta zati batean elur artean da ibilbidea. Ordubeteko jaitsiera luzea da. Igoera laburrak ere badaude eta pultsazioak topera jartzen dira! Fisiko ona behar da. Glaziarrean 90 kilometro orduko abiadura hartu dezakete aurrenekoek.

Euskal Herrian badago jaitsieretarako afizioa ala familia txiki bat zarete?
Durangaldean, EPR Egoin taldean nabil eta hamabost bat gara. Rally modalitatean, berriz, 30 bat lagun ibiliko gara. Gero eta afizio handiagoa dago.

Non entrenatzen zarete?
Mugarra inguruan, Urkiolan, Oromiñon, Arrasaten, Bergaran… gero eta toki gehiagotan daude entrenatzeko aukerak, eta afizioa handituz doa. Bizikleta elektrikoen laguntzagaz, gero eta jende gehiago animatzen da kirol hau praktikatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!