Zenbat urte San Blas egunean gazta saltzen? Azoka garrantzitsua da San Blas egunekoa?
14 urte dira gazta egiten hasi ginela, eta 12 bat urte San Blas azokara goazela. Oso egun berezia da; herrian gaude eta oso giro polita sortzen da. Salmentak ere onak dira. Batez ere, Bizkaiko azoketan ibiltzen gara, eta Abadiñokoa garrantzitsuenetarikoa da, San Tomas eguneko eta Gernikako Urriko Azken Asteleheneko azokekin batera.
Nola bizi duzu zuk eguna?
Lanean. Bilbon bizi ginenean egun-pasa etortzen ginen. Egun polita da.
Saltzeko plaza ona da?
Bai, oso ona. Batez ere, asteburua denean eta eguraldiak laguntzen duenean. Ez dut dena salduko, baina 100 bat gazta eramaten ditut, askotarikoak. Pintxo asko saltzen ditugu, eta, gustatuz gero, igual gazta hartzen dute. Eguna pasatzera doa jende asko azokara: taloa edo pintxoa jatera, txakolina edatera...
Euriari aurre egin beharko zaio domekan.
Bai, Abadiñora etortzera animatzen dut jendea. Euria denean, igartzen da, baina jende asko etortzea espero dut. Feria ona da San Blas eta jende asko mugitzen du.