San Blas jaiak

"San Blas egunean, bertan lanerako dagoen anbiente ona gustatzen zait gehien"

Aritz Maldonado 2019ko ots. 1a, 08:50

Ibai Arrizabalaga abadiñarra tabernaria da.

Zelan bizi izaten duzu San Blas eguna?
Goizetik gehiago, beharrean. 08:30ean zabalduko dugu taberna, eta itxi artean barra ostean egon behar izaten naiz.

Eta aurreko egunak ere topera ibiliko zarete.
Aste osoa daramagu domekarako guztia prestatzen; besteak beste, barra bera prest edukitzen eta almazena txukuntzen, ahalik eta zerbitzurik onena eman ahal izateko.

Domeka izatera, ze espero duzu?
Asteburua denean, jende gehiago etortzen da. Hala ere, eguraldiak asko baldintzatzen du. Ea joan den asteko zapatuan bezala, tregoa apur bat ematen duten hotzak eta euriak. Gure aldetik, topera lan egitea da gura duguna, jendea etortzea eta ondo pasatzea.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Niretzat, esanguratsuena, aurreko egunetan gertatzen da. Eguna hurbildu ahala, ogiak San Blas opil zaporea du. San Blas egunean, bertan lanerako dagoen anbiente ona gustatzen zait gehien. Jende asko egoten da eta behar asko egiten dugu, baina giro hori egoteak lagundu egiten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!