Neguko eguraldia iragarrita egon arren, azoka jendetsua espero dute San Blasetan

Jone Guenetxea 2019ko ots. 1a, 08:50

Gripeak goia jo duen honetan, San Blas kordelak ez dira sobran egongo Abadiñon. Tradizioari eutsiz, domeka izango da koloretako kordelak sama bueltan jartzeko eguna. Eguraldi txarra iragarrita dagoen arren, jendetza batuko dela iragarri dute antolatzaileek.

95 ekoizlek baserrietako produktuak salgai jarriko dituzte Zelaieta auzoan egokituko dituzten postuetan. Horietatik 18 ekoizle Durangaldekoak izango dira. Gazta, ogia, txerrikia, pastela, txakolina... denetarik izango da azokan. Bestalde, XXVII. Abelburu Erakusketak 250 buru batuko ditu. Hazi eta landareak hazten dituzten 11 mintegi izango dira bertan, baita baserri tresneriagaz lan egiten duten 16 enpresa ere.

Bertako bertsolariak
Durangaldeko bertsolariek girotuko dute San Blas eguerdia. Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Garikoitz Sarriugarte arituko dira kantuan, Bittor Altuberen esanetara.

Musikari dagokionez, DJ Alus, DJ Bull eta Lotxo taldeak jarriko diote erritmoa domekari.

Kontzentraziorako deia
San Blas egunean azokaren "bidegabekeria" salatu eta "abereak babestuko" ditu Durangaldea Antiespezista taldeak. "Abere azoka deritzote. Errealitatean, esklabu salerosketa da. 2019. urtean, esklabutzak gurean jarraitzen du", esan dute sare sozialetan zabaldutako oharrean. Abadiñon jendetza batzen duen azokaren aurrean erakutsiko dute euren desadostasuna. 12:00etatik 14:00etara batuko dira elkarretaratzean, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!