Zelaietako eta Muntsaratzeko sarbideetan biribilguneak ezarriko ditu Abadiñoko Udalak errepidearen titulartasuna eskatu eta gero

Aritz Maldonado 2019ko urt. 30a, 16:30

Zelaietatik hasi eta Atxondoko mugarainoko errepide zatiaren titulartasuna eskatu dio Abadiñoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Atzoko osoko bilkuran onartu zen eskaria, EAJ eta AIren aldeko botoekin.

"Bi biribilgune ezartzea baino gehiago da N-636 errepiderako aurreikusten dugun plana". Irmo azaldu du Jose Luis Navarro alkateak Zelaietatik eta Atxondoko mugara arteko errepiderako udal gobernuak duen plana. "Zeharbide bilakatzea gura dugu". Horretarako gakoa izango da errepidearen zati horren titulartasuna ematea Bizkaiko Foru Aldundiak. Muntsaratzeko sarbidearen arazoa konponduko duen, eta Zelaieta auzoko sarbidea erraztuko duen bi biribilguneez gainera, errepidea konpontzea, eta oinezkoentzako bidea egitea aurreikusten du Abadiñoko Independenteek eta EAJk osaturiko udal gobernuak.

1,2 milioiko aurrekontua du proiektuak, eta Abadiñoko Udalak aurreratu beharko du diru hori. Hiru urtean itzuliko lioke dirua Aldundiak.

Ardura eskatu du oposizioak

EH Bilduk, biribilguneen ezarpenarekin ados egon arren,"erantzunkizunez" jokatzeko eskatu dio udal gobernuari, izan ere, "herria hipotekatu" dezake erabaki honek. "Funtsean, helburuekin ados gaude, baina ez egin beharreko bidearekin" azaldu du Mikel Urrutia zinegotziak. Luzera begira, "kaltegarria" izan daitekeela uste du oposizioko alderdiak, erabakia "elektoralista" dela esatez gainera. Horrez gainera, Aldundiagaz negoziazioa txarto kudeatu izana leporatu zion EH Bilduk. "Ez du zentzurik Abadiñoko Udalak Aldundiari dirua aurreratu behar izateak, interesik gabe jaso behar badu gero, gainera". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!