Txapelketatik kanpo antolatutako saio hau 17:00etan hasiko da. "Idi proben munduan denek ezagutzen dute elkar, zaila izaten da berritasunik ikustea. Berrizen edo Mallabian, kintopeko idi probak egiten dituzte. Idi gazteak izaten dira, behin edo birritan atera dira probalekuan. Baina Abadiñon ez da inoiz egin. Aurten, probetan inoiz jardun gabeko idiak ikusteko aukera egongo da", azaldu dute antolatzaileek. Bizkaikoak dira idi pare bi; hirugarrena, gipuzkoarra.
Abadiñoko idi proba txapelketa, berriz, biharamunean hasiko da, otsailaren 4an. Finala hilaren 11n izango da. Entzute handiko probalekua da Abadiñokoa, eta horregaz bat datorren maila erakutsi beharko dute parte hartuko duten 24 idi pareek; 44 untze egin beharko dituzte saria lortzeko.