Azokaren bueltan, beste hainbat ekitaldi ere antolatzen dira. Aurtengo nobedadeetako bat Harriti giza proben emakume taldearen erakustaldia izango da. Otsailaren 2an izango dira probak, 17:00etan, txosnagunean. 19:00etan, berriz, sagardo dastaketa eta parrillada izango dira txosnetan, indarrak berritzeko.
Urteroko ekitaldiek ere ez dute hutsik egingo. Otsailaren 1ean, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariekin bertso afaria egingo dute Gaztañodi elkartean. Txartela eskuratu gura duenak ondorengo lekuetan aurkituko ditu: Petite liburu-dendan, Muntsen eta Abarketeruena jatetxean. Bariku gauerako ere, kontzertuak antolatu dituzte txosnagunean. The Riff Truckers, Ernia eta Ni Yuta ni Tuya taldeak igoko dira oholtza gainera.
San Blas txapelketa trinketean
San Blas trinkete txapelketak goi mailako pilotariak ekarriko ditu Abadiñora. Finalerdiak otsailaren 1ean jokatuko dituzte, 19:00etan, Tornosolon. Aitor Arabiourrutia abadiñarrak Jon Iturbegaz osatuko du bikotea, eta Ekhi Ziarrustaren eta Inhar Ugarteren kontra jokatuko dute. Ziarrusta eta Ugarte Frantziako Bigarren Mailako txapeldun geratu ziren orain aste bi, eta afizionatuen Lehenengo Mailan jokatzeko txartela irabazi zuten. Bigarren finalerdian Mikel Gonzalez berriztarrak eta Asier Aspuru abadiñarrak Ipar Euskal Herriko Monce eta Garat izango dituzte aurkari. Irabazleek otsailaren 8an jokatuko dute finala, 19:00etan.