Abadiñoko EH Bilduk Muntsaratz eta Zelaietako biribilguneak kudeatzekoan "erantzunkizunez" jokatzeko eskatu dio udal gobernuari

Anboto 2019ko urt. 27a, 14:12

EH Bilduk biribilguneak egin eta Muntsaratz eta Zelaieta auzoetarako sarreren egoera hobetzearen alde dagoela adierazi du ohar baten bidez, baina, "nola egin behar den" ere kontutan hartu beharko litzateke. 

Alderdi independentistaren arabera, Aldundiak Muntsaratzeko sarbidean biribilgunea egitea eskaini dio Abadiñoko Udalari, honek Zelaietako kiroldegitik Atxondoraino doan errepidearen titulartasuna hartzearen trukean. Zelaietako sarbideko biribilgunea ere udalak finantzatu beharko luke. Epe luzera, horrek "herria hipotekatuko" lukeela uste du EH Bilduk.

"Abadiñoko Independenteak eta EAJk gure herriaren interesak hobetu defendatu beharko lituzkete Aldundiaren aurrean". EH Bilduren berbetan, errepidearen titulartasuna edukitzeak dakarren kargak ondorio ekonomikoak izango ditu udalarentzat zein herritarrentzat. "Zertarako hartzen dugu errepideen titulartasuna ondoren Mendiolako eta Irazolako errepideek izan duten itxura tamalgarria edukitzeko?". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!