Zelan sortu zitzaizun Gernika Rugby Taldera batzeko aukera?
DRT uzteko asmoa nuen. Orduan, Mikel Blanco lagunak, DRT eta Gernikako jokalari ohiak, Gernika Rugby Taldekoekin berba egin zuen eta denboraldi-aurrea eurekin egin nuen. Gustura zeuden eta jarraitzeko aukera eskaini zidaten.
Azken urteetan, Argentinako jokalari asko izan ditu Gernikak. Aurten ere horrela da?
Bai, zortzi-bederatzi argentinarrak dira. Samoa eta Zeelanda Berriko bana ere badaude, eta gainerakoak euskaldunak dira, gehienak gernikarrak.
Argentinarrak zelakoak dira hartu-emanetan?
Berbaldunak, bromazaleak eta irekiak dira. Gertukoak dira eta erraza da eurekin hartu-emana izatea.
Lehenengoz zabiltza Ohorezko Mailan. Zertan igartzen da maila aldaketa?
Zelai barruan arlo askotan igartzen dut. Plakaketetan, esaterako. Kontaktuak askoz ere gogorragoak dira, eta etengabeak. Bat gainditzen baduzu, beste bi daude zain.
Alde dezentegaz atzetik joan garenetan, ez etsitzea falta izan zaigu; arinegi makurtu
dugu burua”
Kontaktu gogorrek jokalari gaztea kokildu egin dezakete?
Ez, hazten laguntzen dizute. Kolpea jaso, lurretik altxatu eta berriro beste kontaktu baten bila joateko prest! Zeu zoaz kontaktuaren bila. Ez da nire kontua bakarrik. Taldeko jokalari gazteek, 18 bat urte dituztenek, berdina esaten dute. Horrela ikasten da.
Nahi adina jokatzen zabiltza?
Hiru partidu kenduta, gainerako partiduak osorik jokatu ditut. Ez nuen uste hainbeste jokatuko nuenik eta oso pozik nago. Horretarako entrenatzen naiz, jakina.
Zeure aldetik ere entrenatzen zara?
Bai, korrika egiten dut, gimnasiora joaten naiz… DRTn egon nintzenean ere gimnasiora joaten nintzen, baina oraingoa desberdina da. Derrigor moduan hartu dut. Gimnasioak indarra hartzen laguntzen du, eta korrika egiteak hauspoa zabaltzen.
Gernika ez dabil espero izandako maila ematen. Azken sailkatua da eta zortzi puntura du azken aurrekoa. Zure ustez, zeintzuk dira egoera horren arrazoiak?
Bi-hiru partidu azken minutuetan erabaki dira eta balantzak aurkarien aldera egin du. Azken txanpan erabaki hobeak hartzea falta izan zaigu. Beste batzuetan, markagailuan alde dezentegaz atzetik joan garenean, ez etsitzea falta izan zaigu. Arinegi makurtu izan dugu burua. Partiduak luzeak dira eta sekula ez dago jakiterik. Beti dago markagailuari buelta emateko aukera.
DRTri lehenengo zati onak ikusi dizkiot, baina bigarrenetan
lau-bost entsegu egin izan dizkiete
Zuloan egotea konplikatua da. Taldean urduritasuna edo tentsioa nabari dira?
Baietz uste dut. Azkenengo zaudenean, beti darabilzu buruan hurrengo partidua derrigor irabazi behar dela. Partidu bat irabazten dugunean konbentzituta nago bolada positiboa etorriko dela. Ligan ditugun garaipen biak bata bestearen atzetik etorri ziren.
DRTn taldekide izandakoekin hartu-emana mantentzen duzu?
Bai, gehienekin hartu-emana dut eta ahal dudanean partiduak ikustera joaten naiz.
Gizonezkoen talde nagusia larri dabil Ohorezko B Mailan. Gernikaren moduan, sailkapeneko azkena da. Ikusi dituzun partiduetan, zer traza hartu diozu taldeari?
Talde gaztea dute. Lehenengo zati onak ikusi ditut, baina bigarren zatietan, ez dakit zergatik, lau-bost entsegu sartzen dizkiete. Alderdi fisikoa izan daiteke faktoreetako bat? Beharbada, bai.
Mailari eutsiko diola uste duzu?
Ezetz uste dut. Azken-aurrekoa, Vigo taldea, bederatzi puntura dute eta bigarren itzulian elkarren kontra duten partidua kanpoan jokatuko dute. Edozelan ere, hiru-lau partidu irabazita salbatu daitezkeela pentsatu behar dute, eta horren bila joan.
Iaz ere sufritu egin zuen DRTk. Zuzendaritzakoek aipatu zuten jaistea ez zela drama bat izango eta beste indargune batzuk zituztela.
Mailaz jaistea azken aukeratik azkena da. Beheko taldeetan dabiltzan gazteak gora begira egoten dira. Talde nagusikoak euren erreferenteak dira. Nik ere izan nituen nire erreferenteak gaztetan. Euren mailara heltzea zen nire ilusioa.
Gazterik debutatu zenuen DRTko lehenengo taldean. Zelan gogoratzen duzu?
17 urtegaz debutatu nuen, etxeko partidu batean. Minutu dezente jokatu nituen eta irabazi egin genuen. Oso urduri nengoela gogoratzen dut, baina zaleen eta taldekideen laguntza izan nuen.