Naroa Uriguena: "Teknikariak eskolako berogailu sistema begiratzen egon ziren atzo, eta orain tenperatura ona dugu "

Jone Guenetxea 2019ko urt. 8a, 10:04

Traña-Matienako eskolan 10 graduko tenperatura izan dute gela askotan. Atzo, prentsaren bidez egoeraren berri eman zuen Zuzendaritza Taldeak eta Abadiñoko Udalak neurriak hartu ezean eskolarik ezingo zutela eman aurreratu zuten. Gaur, arazoa konponduta dute. 

Traña-Matienako eskolan ikasten duten 350 umeek, gazteek eta irakasleek berokia eta bufandak kendu ahalko dituzte gaur. Eskolako Zuzendaritza Taldeak atzo prentsaren bidez publiko egin zuenez, geletako tenperatura jasangaitza zen. Atzo bertan, LH 5. eta 6. mailako ikasleek 10 graduko tenperatura izan zuten gelan. Naroa Uriguena zuzendariak azaldu duenez, orain bi urtetik hona hainbat kexa helarazi dizkiote Abadiñoko Udaletxeari. "Udalak ez dio gaiari behar besteko garrantzia eman", dio zuzendariak.

Egoera horren aurrean, atzo arratsaldean prentsaren bidez gaia publiko egin zuten. Bada, kexa publiko horrek izan du erantzuna. Atzo berandura arte teknikariak berogailu sistema begiratzen ibili ziren, eta gaur goizean "tenperatura onagaz" sartu dira geletara. 

Uriguenak dioenez, udalak enpresa bat azpikontratatuta du berogailu sistema kudeatzeko. "Telematikoki begiratzen dute tenperatura. Berogailua geldituta egon arren, ez dira etorri", azaldu du zuzendariak. Gaineratu duenez, "galdarak oso zaharrak dira eta orain arte arazoak egon direnean partxeoak egin dituzte". Udan egin beharreko hobekuntzak negura atzeratu ditu udalak. "Baina, hotza bertan dugunean ez da obra hauek egiteko sasoi egokiena", gehitu du Uriguenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!