Nola bururatu zitzaizun liburua idaztea?
Lasterketetara semeak gugaz eramaten ditugunez, eurentzako oroigarri moduan-edo, eguneroko koaderno bat egitea zen lehenengo ideia. Nagusitzen direnean nondik ibili diren ikusi dezaten. Orduan, pentsatu genuen: “Eta hemendik liburu bat ateratzen badugu?”. Ideia horri bueltak ematen hasi ginen eta horrelaxe irten zen aurrera.
Hutsetik abiatu zara ala aurrelan bat egina zenuen?
Bizipenak lasterketa amaitu eta lasterrera idaztea errazagoa da. Dena freskoago duzu buruan. Horixe egin dut, batez ere Munduko Kopako probetan, nazioartean ibili izan garenotan. Nik eguneroko moduko bat idazten nuen, goizetik gauera egindako guztia. Jakina, liburuan ez dago hori dena sartzerik eta interesgarriak diren pasarteak aukeratu ditugu. Lasterketen inguruan ere berdin. Ez dira kontakizun hutsa, ez dadin errepikakorra izan. Lasterketen inguruan ikusi, bizi eta sentitutakoak jasotzen ditu liburuak.
Erroteta argitaletxeagaz kaleratu duzu, baina autoedizioa izan da.
Ez genekien liburu bat ateratzeak zer lan zekarren, baina bagenekien argitaletxeek eskakizun batzuk izaten dituztela. Liburua geure modura egin gura genuen eta horrela irten da. Autoedizioaren abantaila horixe da: gura duzun moduan egin dezakezula. Desabantaila da norberak aurreratu behar duela dirua, eta salmenta kontuetan ere norbera mugitu behar dela.
Zenbat ale atera dituzu?
Asko. Gehienbat Azokan saltzea da esperantza, eta parra egitea. Gero, liburu-dendetan jarriko dut salgai. Eta Euskal Herriko lasterketetara ere eramango ditut ale batzuk, norbaitek eskatuz gero eskuragarri izateko eta jendeagaz gertutasun bat izateko.
Liburuko azala oso argazki indartsua da. Barrukoa ere indartsua den seinale?
Xabier Matarena da argazkia. Barrukoari buruz, irakurleak esan beharko du indartsua den. Lasterketen eta mendiaren inguruan nabil, jendeagaz partekatutako esperientziak jasotzen ditut, gure umeak agertzen dira… Etxeko edozeinek irakurtzeko modukoa dela uste dut: irakurterraza eta entretenigarria.
Argazkiek pisu handia dute liburuan.
Nire umetakoak, nagusitakoak… denetarik daude. Alderdi bisuala zaindu gura genuen, liburua astuna izan ez dadin. Argazkiek, sarritan, berbekin adierazi ezin dena azaltzen dute. Argazki bakoitzak istorio bat izaten du atzean eta dezente sartu ditugu.
Aurtengo Zegama-Aizkorriko kronikagaz hasi, haurtzarora salto egin eta 2018ko denboraldiagaz amaitzen duzu. Memoria liburu bat dela esan daiteke?
Antzeko bat. Mendiko nire ibilbideari eta mendiagaz izan dudan loturari egindako errepasoa da. Umetatik hasi eta gaur egunera artekoa.
Munduko mendirik handienen altzoan bizitakoa ere kontatzen duzu. Himalaiako zein aldetan murgilduko da irakurlea?
2012an trekking bi egin genituen han Mikelek [Azkarraga, Oihanaren bikotekidea] eta biok: Annapurnakoa eta Everestekoa. Nondik ibili ginen kontatzen dut. Toki dezente agertzen dira eta hango parajeetan ibili dena identifikatuta sentituko da. Abionetan gertatutako kontuak ere badaude. Istorio politak direla uste dut.
Mendiari eta korrikari ez ezik erreibindikazioari ere egin diozu lekutxo bat.
Liburuaren amaieran, logo bi jarri ditut: Altsasukoak Aske eta logo feminista. Baina bigarren gaia baino ez dut jorratu. Emakumeak mendiagaz eta lasterketekin duen loturaren inguruan idatzi dut, labur. Abertzaletasunaren gaia ere jorratu dut, beti ere lasterketei lotuta.
Orain hilabete eskas lehiatutako Hiru Haundiak probaren kronika ere egiten duzu. Denbora aldetik, nola konpondu zara aurtengo Durangoko Azokarako kaleratzeko?
Ziztu bizian ibilita! Hiru Haundiak proba luzea denez, informazio asko ematen du. Idatzitako guztitik zer sartu aukeratzea izan da lanik konplikatuena.
Liburuko hitzaurrea ondo ezagutzen zaituen laguntxo batek idatzi du.
Mikelek. Ondo ezagutzen nau, eta nor bera baino egokiagorik! Liburuari errepaso handia ere eman dio.
Bideo bat zabaldu zenuen liburua sustatzeko, eta birala egin zen. Liburua ondo salduko dela esan gura du?
Euskal Herrian asko zabaldu da bideoa sare sozialetan, eta, tira, salduko dela uste dut. Eider Alberdi zaldibartarrak prestatu zuen bideoa.
16 garaipen daramatzazu aurten. Non dago zure sabaia?
Aurten behintzat kopuru horretantxe! Ez dakit non dagoen nire muga. Datorren urtean, beharbada, ez ditut Euskal Herrian hainbeste proba lehiatuko. Aurten asteburu askotan lehiatu naiz eta nekatu egiten du. Garaipena lortzea baino gehiago, lasterketetan gozatzea dut helburu.