Goi mailako ziklistak batuko ditu Abadiñoko ziklo kros sariak zapatuan

Joseba Derteano 2018ko aza. 27a, 15:38
Abadiño Muntsaratz Txirrindulari Kirol Klubeko idazkari Joseba Gorostiza eta Abadiñoko Udaleko kirol arloko zinegotzi Eneko Etxebarria ziklo-krosa garatuko den landetan.

350 bat parte-hartzaile espero dituzte.

Gaur aurkeztu dute Abadiñoko Udala Nazioarteko Ziklo-kros Sariaren bosgarren aldia. C.2 mailako nazioarteko lasterketa denez, goi mailako parte-hartzaileak batuko ditu. Gizonen senior mailan Felipe Orts valentziarra (munduko azpitxapelduna), Kevin Suarez kantabriarra, Aitor Hernandez ermuarra, Javier Ruiz de Larrinaga arabarra eta 2018ko Espainiako txapelduna den Ismael Esteban etorriko dira, besteak beste. Emakumeetan Helen Wyman britainiarra (5. tokian dago UCI Ranking-ean) eta Ellen Anderson estatubatuarra faboritoen artean izango dira.

Juniorretako ziklistak ere ez dira nolanahikoak. Esaterako, Gonzalo Iguanzo Espainiako txapelduna etorriko da. Euskaldunen artean Mikel Agirrebeitia zornotzarra eta Aitzol Sasieta lezamarra nabarmendu behar dira.

Kadeteetan Aimar Orrantia balmasedarra, Gaursa-Renault taldeko Unax Salterain eta Naia Arregi berriztarra (CAF Turnkey taldekoa) aipatu daitezke.

Ibilbideari dagokionez, iazko zirkuituari eutsiko diote. Zelaietako landetan dago eta 2.560 metroko luzera du. Ibilbidean zehar zubi bat eta harezko tarte bat (40 bat metrotan) aurkituko dituzte ziklistek. Kontuan hartu beharreko faktore bat eguraldia izango da. Euriak astundu egin dezake zirkuitua. “Lurra busti badago gogorra izango da, zoruan bustina dago eta bizikleta itsatsi egiten du”, adierazi du Abadiño Muntsaratz Kirol Klubeko idazkari Joseba Gorostizak.

Aurtengo aldian Jose Ignacio Mazorriaga Guridi ‘Matxorri’ gogoratuko dute. Aurten hil da eta Abadiñoko ziklo krosaren alde egin izan duen lana azpimarratu dute.

ORDUTEGIA

09:00; Master 30, 40, 50 eta 60.
10:00; Kadeteak (neskak eta mutilak).
10:35; Haur kategoria.
11:00; Gazteak.
12:00; Neskak.
13:00; Elite eta 23 urtez azpikoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!