Enduro probak ez dira ezagunak inguru hauetan. Kontaiguzu, zelakoak dira?
Bizikletagaz jaitsierak egin behar dira. Irisarri lasterketaren kasuan, lau jaitsiera zeuden. Dena ez da abiadura kontua. Bidean saltoak eta antzerakoak egin behar dira. Horrez gainera, parte-hartzaile bakoitzak denbora tarte jakin bat du jaitsiera bat amaitzen den tokitik hurrengoa hasten den tokira igotzeko. Lortu ezik penalizazioak egoten dira. Beraz, ondo jaistea bezain garrantzitsua da hasiera puntura agindutako orduan heltzea.
Irabaztea espero zenuen?
Ez nuen espero eta oso pozik nago. Aurten ez nabil hainbeste probatan parte hartzen. Gehiago aukeratzen ditut. Espainiako Openean ez dut parte hartu, esaterako. Beraz, aurreneko bosten artean ibiltzea nuen helburu, eta irabaztea sorpresa izan zen.
Zure eta Victor Saenz bigarren sailkatuaren artean segundo bakarreko aldea egon zen. Non egon zen garaipenaren gakoa?
Amaiera estua izan zen, bai. Sarritan Enduro probak horrelakoak izaten dira. Batzuetan, dezima gutxiren aldeagaz amaitzen dira jaitsierak. Irisarrikoaren kasuan, ni arinagoa izan nintzen tarte batzuetan eta bera besteetan. Esaterako, hirugarren jaitsiera zoru bustian egin nuen, ni irten orduko euria egin zuen eta. Saenz jaitsi zenean, ostera, zorua siku zegoen eta hor aldetxoa atera zidan. Azkenean, segundo baten barruan sartu ginen eta estu egon zen garaipena. Emozionantea izan zen.
Urte askoan zabiltza Enduro probetan parte hartzen?
2008 inguruan txapelketak antolatzen hasi zirenetik hona. Baina bizikletan betidanik nabil; orain 20 bat urte hasi nintzen. Bizikleta mundua asko gustatzen zait.
Non entrenatzen zara? Durangaldean badago horretarako modurik?
Batez ere Urkiola inguruan ibiltzen naiz. Han jaitsiera moduko batzuk egin ditugu. Jaitsiera naturalak dira, lurreko gorabeherak aprobetxatuz egindakoak. Oiz inguruan ere ibilzen naiz, eta beste toki batzuetan ere bai, baina, batez ere, Urkiola aldean entrenatzen naiz.