“Geldialdiaren osteko lehenbiziko entseguan marraztu zitzaigun irribarrea ordainezina da”

Aritz Maldonado 2018ko aza. 24a, 10:30

Plateruenean kontzertu bat emateko batzeko aitzakiagaz, inoiz alboratu ez duten musikaren munduan murgildu dira berriro Mutedeko taldekideak: Aitzol Maiztegi (ahotsa), Rubén Montoto (bateria), Dani Benito (gitarra), Edu Pérez (gitarra) eta Christophe Tytgat (programazioak). Gerora batu zaie Asier Otaduy, baxuagaz. Kontzertu gehiago eskaintzeaz gainera, 'Krisis 4.0' lan berria kaleratu zuen atzo seikote abadiñarrak. Zazpi urteko isilaldiaren ostean, euren formulak bizirik jarraitzen duela erakusteko asmoagaz datoz: metal boteretsua, melodiak eta sekuentzia elektroniko programatuak.

Nondik dator 'Krisis 4.0'?  
Christophe Tytgat: Bizimodu modernoan mugikorrarekiko dugun menpekotasunari egiten dio erreferentzia, adibidez. Egun arazo txikiekin itotzen gara, baina ez dakigu zer den benetan gaizki pasatzea. Horrez gain, 40 urte betetzean sortutako krisiagaz du zerikusia, eta laugarren diskoa ere badenez, gustatu zitzaigun.
Edu Pérez: Autokritika bat ere badago. Orain guztia sare sozialen eta Atsegin Dut kopuruaren araberakoa da. Gazteak mentalitate horregaz datoz, baina funtsean gu ere berdinak gara.

Abestietako hitzak horri buruzkoak dira?
Rubén Montoto: Aurreko diskoetan baino kritika sozial gehiago egin dugu, baina autokritikatik enfokatuta.
C.T.: Ez da ez! abestian, adibidez, sexu erasoen aurka abesten dugu. Funtsean esan gura duguna da erraza dela Facebook bidez kritikatzea, baina gero ezer ez egiteak ez duela ezertarako balio.
Aitzol Maiztegi: Zuri Esker abestian, ostera, gure ibilbideari buruz abesten dugu. Hamabost urte daramatzagu elkarregaz, eta hau da gustuko duguna; horregatik itzuli gara.

Kontzertu bat eskaintzeko batu zineten, baina diskoa kaleratzen amaitu duzue. Nolakoa izan da prozesua?
E.P.: Ondo pasatzeko eta abesti batzuk sortzeko asmoagaz itzuli ginen, lehen baino lasaiago hartzeko asmoz, baina orain ere presioa ezartzen diogu geure buruari (barrez).
R.M.: Geldialdiaren ostean elkartu gineneko irribarrea ordainezina da. Egia esateko, zortzi urte hauetan itzultzea eduki dugu buruan, baina inor ez zen ausartzen gaia mahai gainean jartzera!
A.M.:  Ea itzuliko ginen galdetu didaten bakoitzean, 'Garai hori igaro da' erantzun izan dut; hala ere, kontzertu bat ikusten nuen bakoitzean, onartzen dut 'Ordaindu egingo nuke hor goian egoteagatik' pentsatu dudala.
E.P.: Planik barik hasi ginen, Platerueneko kontzertua emateko asmoagaz. Bagenekien itzuliko ginela, baina inguruan azaltzeko aitzakia behar genuen!

Konposatzerakoan, igarri duzue zazpi urteko geldialdia?
T.C.: Aurreko hiru diskoak jarraian konposatu genituen, eta hor bai igarri genuen. Hamalau abesti erdi konposatu ditugu honetarako, eta, azkenean, zortzi sartu ditugu diskoan.
A.M.: Grabazio prozesua oso lasaia izan da, guztia lokalean egin dutu eta. Ahotsak eta koroak, adibidez, bereziki landu ditugu disko honetan.
R.M.:  Gaur egun ordenagailu bategaz soinu nahiko ona atera dezakezu, eta horregatik erabaki dugu lokalean egitea. Asko kostatzen zaigu elkartzea, eta, horrela, lasaiago hartu dezakegu gainera.

Zuen belaunaldiko jende ugari ari da oholtzara itzultzen.
C.T.: Talde asko ari dira itzultzen orain, baina, nik dakidala behintzat, talde berri gutxi sortzen ari dira. Esango nuke asko jaitsi dela metala Euskadin.
E.P.: Guk bizi genuena ez da berriro errepikatuko. Orain popa, indiea eta reggaetoia daude modan.
R.M.:  40 urteen krisiagaz kirolera lotzen dira batzuk. Gu jotzera itzuli gara!

Nola banatuko duzue diskoa?
Asier Otaduy: USB formatuan kaleratu dugu. Diskografia osoa dago bertan. Euskarri digitaletan ere egongo da. Durangoko Azokan Gerediaga elkartearen standean ere egongo da, eta eskualdeko beste hainbat tokitan.

Hainbat kolaborazio izan dituzue diskoan.
A.M.: Aitor Gorosabelegaz (Su Ta Gar) eta Aiora Renteriagaz (Zea Mays) email bidez jarri ginen harremanetan, eta oso harrera ona egin ziguten. Musikari oso onak dira, eta pertsona hobeak.
E.P.: Carlos Escovedok (Sober) euskaraz abestu du disko honetarako. Inox diskoan bateriaren ekoizketa lana egin zuen, eta oso harreman ona egin genuen beragaz. Abestera etor zedin gonbidatu genuen eta animatu egin zen.

Zuzenekoak eskainiko dituzue?
A.O.: Bai, kontzertu batzuk lotuta ditugu jada. Batez ere, areto ertainetan. Eta gaztetxeetan ere ari gara begiratzen.
A.O.: Lotuta ditugun kontzertuetatik gainera, zuzeneko gehiago lotzeko eta eskaintzeko gogoz gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!