Azaroak 25

“Jendearen parte-hartze barik artelana osatu barik dago”

Jone Guenetxea 2018ko aza. 21a, 09:53

Azaroaren 25aren harira, 'Harresia apurtzen' ekintza feminista kolektiboan parte hartzeko aukera izango dute abadiñarrek. Harresiak genero indarkeria irudikatuko du, eta herritarrek hesi hori apurtu eta eraldatzea da proposamena. Miriam Rodriguez Moranek (Asturias, 1983) gidatuko du artelan eraldatzaile hau.

Zelan bururatu zaizu ekintza hau egitea?
Ekintza feminista kolektibo bat egin gura nuen. Filosofiaren mundutik natorren arren, artearen munduagaz lotura dut. Doktoretza alde estetikotik osatu dut eta margotu egiten dut. Pintura erakusketak antolatzen ditut, baina oraingo honetan ekintza parte-hartzaile bat proposatu gura nuen. Obra bera ikertzeko baliatzea da asmoa. Amaieran emaitza bat lortzea da helburua.

Zer da 'Harresia apurtzen'?
Instalazio artistiko bat da. Bertan mundu guztiak parte hartu behar du. Jendearen parte-hartze barik obra egin barik dago. Horma bat da, hesi bat, genero biolentzia irudikatzen duena. Denon esku-hartzea beharrezkoa izango da, kolpe bakarragaz ez da jausiko eta. Horma hau poliespanagaz eginda egongo da. Erraz apurtzeko materiala da.

Herritarrek noiz parte hartu ahal izango dute?
Matienako Errota kultur etxeko aretoaren sarreran egongo da, azaroaren 26an egun osoan eta 27an goizean, 15:00ak arte. Mundu guztia harresi hori apurtzera gonbidatuta dago. Apurtzen duen zati horregaz bakoitzak gura duena egin ahal izango du.  Margoak jarriko ditugu, gura duenak erabili ditzan: hausnarketaren bat idazteko, esaldiren bat, marrazkiren bat egiteko... Ondoren, pieza horiek zirkuitu batean jarriko ditugu.

Eta zein izango da emaitza?
Prozesu guztia grabatu egingo dugu, hasieratik amaierara. Transformazio guztia iruditan jasoko dugu. Hau guztia azaroaren 29an aurkeztuko dugu, Errota kultur etxean, 19:00etan. Berbaldi labur batean, obra zein izan den eta emaitza zein izan den azalduko dut. Agian horma ez da guztiz eraitsiko. Hori ikusi egin beharko dugu. Herritarrek ze esaldi idatzi dituzten ere ikusiko dugu. Agian batzuk ez dira egokiak izango, baina horiek ere aztertzekoak dira, kalean dauden diskurtsoak oso anitzak direlako, berdintasunagaz denok bat egiten dugula diogun arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!