Abadiñoko Udalak Matienako eskalada-hormarako ordenantza onartu du, zabaldu zutenetik urte bira

Aritz Maldonado 2018ko aza. 14a, 10:30

Araudi berriaren arabera, astegunetan 19:00-22:00 bitartean erabili ahal izango da eskalatzeko kirol gunea.

Ia urte bi zabalik egon ostean, urriko osoko bilkuran onartu zuten Abadiñoko eskalada-hormaren erabilera arautuko duen ordenantza. "Orain artean eskolako umeek baino ezin izan dute erabili. Guk herritar guztientzat zabaltzea gura genuen, baina hori modu egokian egin behar zen" esanda arrazoitu zuen Jose Luis Navarro alkateak ordenantza aurkeztearen atzerapena. Izan ere, orain artean eskolako umeek begiraleekin erabili ahal izan duten arren, herritarrentzako erabilera arautu barik egon da. Ordenantza aho batez onartu zuten, baina EH Bilduk "hausnartzera" gonbidatu zituen udal gobernuko kideak. "Urte bi iraun du prozesu honek, liberazio erdi bat tarteko egonda, gainera", kexatu zen Mikel Urrutia zinegotzia. Horrez gainera, araudia "hankamotz" jaio dela azpimarratu zuen. Izan ere, ordenantzak dioenaren arabera, astegunetan 19:00-22:00 bitartean egongo da erabilgarri eskaladarako gunea.

"Eskaladaren erakusleiho"
Baietza eman arren, eskalada-hormaren inguruko beste gogoeta bat ere egin behar du udalak EH Bilduren ustetan. "Atxartek Abadiño eskaladaren goi mailara darama, eta, beraz, uste dugu rokodromoak ere tamaina horretakoa izan beharko lukeela".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!