“Mendiko probetan oso giro euskalduna, gertukoa eta jatorra egoten da”

Joseba Derteano 2018ko aza. 10a, 10:30
Arkaitz Iturriagaetxebarria —ezkerrean—, Eneko Zarrabeitia —eskuman— eta Enekoren seme Oihan, erdian.

Sekula ez da berandu gustukoa den hori egiteko. Arkaitz Iturriagaetxebarria Altuna (Aabadiño, 1979) orain lau urte hasi zen korrika serio. Eneko Zarrabeitia Salterainek (Abadiño, 1981) afizioa berreskuratu zuenetik, ostera, urte bi joan dira. Gaur egun, jo eta su dabiltza bata zein bestea mendiko probetako giroak harrapatuta.

Urte gutxi daramatzazue mendiko lasterketen munduan murgilduta. Noiz eta zergatik hasi zineten?
Arkaitz Iturriagaetxebarria: Orain dela lau urte hasi nintzen. Lasterketa labur batzuen ostean,  Goierriko Bi Haundietan parte hartu nuen, 88 kilometroko proban. Hurrengo urtean Ehun Millak egin nituen eta harrezkero luzeetan nabil. Zergatik hasi nintzen? Aurretik oso gutxitan ibiltzen nintzen korrika. Tabakoa utzi nuenean hasi, eta egunetik egunera gero eta hobeto ikusten nuen neure burua, batez ere aldapan gora. Horrek animatu egin ninduen.
Eneko Zarrabeitia: 2014an etorri nintzenetik, Arkaitz eta beste lagun batzuk probatu behar nuela esan eta esan aritu zitzaizkidan. Orain urte bi probatzea erabaki nuen eta gustatu egin zitzaidan. Oso kirol aberasgarria da, mendian zaude, kaletik urrun… Horrek engantxatu egiten duela uste dut. Mendiko probetan asfaltokoetan baino errazagoa da lagunak egitea, eta hori asko eskertzen dut.  
A.I.: Mendiko probei esker jende asko ezagutu dut. Oso jende jatorra.
E.Z.: Mendiko probetan oso giro euskalduna, gertukoa eta jatorra egoten da. Hori garrantzitsua da jendea erakartzeko. Badago lehia, jakina, baina lehia baino gehiago da. Zerbait gertatzen bazaizu, jendea laguntzen geratzen da normalean. Elkartasuna dago.
A.I.: Enekok dioen guztia da ni mendira engantxatu nauena. Distantzia luzeko lasterketa batean beste norbaitekin bazoaz, ordu asko ematen dituzu beragaz, eta ahuldade uneetan bata besteari laguntzen eta animatzen aritzen gara. Esperientzia hori guztia partekatzea berezia da, estimua hartzen diozu pertsona horri. Barruraino heltzen zaidan zerbait da; niri eta denoi, esango neuke. Lotura moduko bat sortzen da.

Eta zuk, Eneko, Ultra Trailak eta antzerakoak buruan dituzu?
E.Z.: Momentuz, ez naute erakarzen. Uste dut oraindik ez nagoela psikologikoki prest horrelakoei aurre egiteko. Gainera, ez dut gura adina denbora antzerako erronkei begira entrenatzeko. Horrelako batera joatekotan, ondo prestatuta eta konbentzituta joan behar dut. Bestela, ez noa.

Baina buruan darabilzun zerbait da?
E.Z.: Bai, bai, buruan daukadan zerbait da. Arkaitzi irabazi behar diot! Ez dago besterik. Motibazio hori daukat.
A.I.: (Barreak) Neuk ere gogorrago entrenatzeko motibazio moduan hartu beharko dut, orduan.
E.Z.: Eguna heltzen denean, beharko du motibazioa niri jarraitzeko!

Zelakoak dira aste normal bateko entrenamenduak?
A.I.: Aste bitartean ez dut ordu askorik egiten korrika, bi-hiru ordu asko jota. Inguruko korrikalari batzuen artean talde bat egina dugu eta domeketan eurekin ibiltzen naiz. Ultretan gabiltzanok bost-sei ordu egiten ditugu domekero.
E.Z.: Ni ere ibiltzen naiz eurekin asteburuan, baina lantzean behin bakarrik. Izan ere, entrenamenduak oso desberdinak dira lasterketa luzeetara edo laburretara begira. Ordu bi egin ostean etxera joaten naiz. Entrenamendu laburrak intentsoagoak dira.
A.I.: Gugaz datorrenean, erritmo bizia jarri eta nekatu egiten gaitu. Eta gero alde egiten du etxera!
E.Z.: Entrenamenduek ez dute zerikusirik. Kirol desberdinak dira alde horretatik.  

Eneko, Oihana Azkorbebeitiagaz ere ibiltzen zara. Horiek entrenamendu konpletoak izango dira, ezta?
E.Z.: Ez pentsa, Oihana ez da hain gogor entrenatzen. Lasterketetan entrenatzen dela esango nuke. Hori bai, probarik ez duen asteburuan arinago dabil eta asko sufritzen dut. Batzuetan ezin diot jarraitu.

Iaz kros mistoen liga irabazi zenuen Azkorbebeitiagaz. Zelan gogoratzen duzu abentura hura?
E.Z.: Azpeitiko lehenengora joan eta irabazi egin genuen. Beraz, jarraitzea erabaki genuen. Lau proba ziren guztira. Hirutan parte hartu eta hirurak irabazi genituen. Aurten ez gara lehiatu, denboraldia luze doalako. Dena dela, Zarauzkoa falta da. Abenduko lehenengo asteburuan da eta ikusiko dugu joango garen ala ez. Kros mistoetan osperik handiena duen proba da eta abadiñarrek sarritan irabazi dute han. Cristina Petitek eta Paulo Sagarnak, hain zuzen. Eurena da gaur egungo errekorra.

Triatloiak egin izan dituzu. Baztertuta duzun zerbait da?
E.Z.: 2015ean erdi distantziako Iron Man proba bi eta distantzia olinpikoko beste bat egin nituen Mugarra Triatloi Taldeagaz. Baina gehiagorik ez. Denbora eskatzen du. Korrika, bizikletan zein igeri, hiru modalitateak nahiko ondo menderatu behar dira eta horrek estresatu egiten ninduen. Ez nuen ondo asimilatu. Baina Iron Man bat egitea umetatik dudan ilusioa da. Egingo dut. Lehenago edo geroago, Iron Man bat egingo dut.

Arkaitz, zure esperientziarik onenen artean toki berezia du Basque Ultra Trailean Erlantz Zaldunbide iurretarragaz batera helmugaratu zinen lasterketa hark?
A.I.: Bai. Donostiatik Bilbora, 140 kilometro ziren. Nahiko goiz elkartu nintzen Erlantzegaz. Lasterketa osoa elkarregaz eta indarrak neurtzen joan ginen. Helmugara elkarren ondoan sartu ginen, Kataluniako estelada bat eskuetan. Nire lasterketarik onetetakoa eta politenetakoa izan da, oraintsu jokatu den Bocineros-Deiadar Xtreme-egaz batera.

Iraileko proba horretan laugarren tokian amaitu zenuen. Gustura?
A.I.: Ez nuen uste hain ondo ibiliko nintzenik. Hasieran, kostatu zitzaidan lasterketan sartzea, baina gero Arkaitz Galindez korrikalariagaz batu nintzen eta elkarregaz joan ginen.

Bidean zehar animatzaile bat izan zenuela esan didate.
A.I.: Bai, beste batzuen artean, Eneko. Gorbeian, Pagomakurretik Abadiñoraino gugaz etorri zen.
E.Z.: Ni dudekin joan nintzen: "Jarraitu ahalko ote diot?". Lasterketan dabilena sufritzeko mentalizatuta dago, baina kanpotik sartzea desberdina da. Beldur hori neukan. Baina zelan aurkitu nituen! Ordu askotako ahaleginaren ostean, psikologikoki baxu zeuden. Oso gogorra egin zitzaidan eurak biak horrela ikustea.
A.I.: Neurritik kanpo geunden ordurako. Jakina, gu ez ginen horretaz konturatzen, baina kanpotik datorren batek garbi ikusten du.
E.Z.: Hori ikusteak argi utzi zidan gaur egun ezin dudala horrelako probarik egin.
A.I.: Nekea desgaste psikologikoagaz batzen denean… Hala ere, gurago dut hori lasterketa laburretan parte hartu baino. Laburrak lar esplosiboak dira niretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!