Abadiñon sinadurak biltzen ari dira, OHZ zergaren tipoa jaistea eta katastroa birkalkulatzea eskatzeko

Aritz Maldonado 2018ko urr. 29a, 09:15
Baserritarrek diru-laguntza eskatu dezakete OHZren erdia ordaintzeko.

Abadiñoko bizilagun talde bat sinadurak biltzen ari da udalari OHZ zergaren tipoa jaistea eskatzeko. Izan ere, Abadiñoko tipoa %0,25-0,32 bitartekoa da.

Durangaldeko altuena dela salatzen dute. Gatazkaren sorrera 2016an jartzen dute, Bizkaiko Aldundiak katastroa berrikusi eta eguneratzea erabaki zuen garaian. Etxeen balio katastrala "ikaragarri" igo zela diote. Era berean,  "eguneraketan katalogazio okerra" egitea ere kritikatu dute. Bizilagunen berbetan, OHZren tipoa udal bakoitzak ezartzen du eta "zerga duin bat kobratzeko modukoa" jartzeko eskatzen diote udalari. Horrez gainera, landa eremuetako baserri gehienei eragiten dien 180.000 euroko langa aldatzeko ere eskatzen dute. Katastroaren kalkuluan konponketak egitea ere sartzen da eskakizunen barruan.

"Baserritarrei babesa"
Hain zuzen ere, baserri guneetako bizilagunei lagundu guran, Abadiñoko Udalak diru-laguntza bat eskaini du eta baserrietako jabeek laguntza hori eskatzeko aukera izango dute OHZ ordaintzeko; zergaren erdia ordaindu ahal izango dute baserritarrek. Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago jada, abenduaren 31ra arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!