Peru, Bolivia, Mexiko, Txile eta Uruguayko pilotariek Abadiñoko trinketean jokatuko dute

Joseba Derteano 2018ko urr. 22a, 18:00

Nazioarteko Pilota Txapelketaren barruan, pilotari euskaldunen kontra jokatuko dute aste honetako hainbat egunetan.

Munduko Pilota Batzarrak hainbat modalitateko txapelketak antolatu Bilboko, Abadiñoko eta Lekeitioko frontoietan edo trinketeetan. Abadiñok hainbat jardunaldi hartuko ditu gaurtik domekara eta Peru, Bolivia, Mexiko, Txile eta Uruguayko pilotariak etorriko dira.

Peruarrak eta boliviarrak

Gaur buruz buruko hiru partidu daude. De la Calle, Ziarrusta eta Arana euskaldunak Balleto, Quinto eta Alvarado peruarren kontra ariko dira, hurrenez hurren. Eguaztenean eta eguenean —ordu berdinean—, Cayoja, Bazo eta Guido boliviarrek jokatuko dute Abadiñon; eguaztenean gaurko galtzaileen kontra eta hurrengo egunean gaurko irabazleen aurka. Barikuan, 18:00etan finalaurrekoak izango dira eta domekan, 18:00etan, finalak.

Mexikarrak, bihar

Martitzenean, 19:00etan, Tornosolo Kopako finalerdiak jokatuko dituzte Abadiñon. Binaka, Diaz eta Cabello mexikarrek Stich mexikarra eta Aspuru abadiñarra izango dituzte parean partidu batean. Beste finalerdia euskaldunen artekoa da: Arabiourrutia-Esnaola eta Ziarrusta-Ugarte bikoteen artekoa.

Txiletarrak eta uruguaytarrak, barikuan

Paleta goman Martinez-Yupanqui peruarrek, Saez-Rabas txiletarrek eta Iriart-Unzurrunzaga uruguayarrek ere Tornosolo trinketean jokatuko dute, Sagarzazu-Mutuberria euskaldunekin batera. Barikuan, 20:00etan, izango da. Nor noren kontra arituko den astean zeharreko jaialdietan erabakiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!