101 kilometrotan Gorbea, Anboto eta Aizkorri mendiak lotu dituen Hiru Haundiak lasterketa bigarren tokian amaitu du Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak. Hauxe izan da bere denbora: 13.01.37. Eskumako iskiotibialean sortu zaion kontraktura eta guzti ere, helmugara heltzea lortu du. Maite Maiora izan da onena emakumeetan. Abadiñoko korrikalariak baino 13 minutu gutxiago behar izan ditu: 12.48.37. Mayi Mujikak osatu du podiuma: 13.03.41. Beraz, bigarren eta hirugarren posturako borroka minutu biren barruan egon da.
Eskualdeko korrikalariei dagokionez, Leire Muniain iurretarrak azpimarratzeko lana egin du, zortzigarren tokian amaituz (16:48:57). Oihane Unzalu Aldekoak 13. postua lortu du. Honako denbora lortu du Abadiñon bizi den berriztarrak: 17.34.05. Eba Urizar durangarra, berriz, 19. tokian helmugaratu da: 18:23:46.
Eneko Garitagoitia mallabiarra 12. izan da
Gizonetan Javi Daminguezek irabazi du. Julen Martinez de Estibariz eta Jokin Garai geratu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Eneko Garitagoitia mallabiarrak lasterketa bikaina egin du eta sailkapen nagusiko 12. postuan geratu da. Hona bere denbora: 12.41.34. Probako zati luze batean Azkorbebeitiagaz batera joan da eta lagundu ere egin dio.