"Fermin Muguruzagaz lan egitea luxua da, asko ikasten delako"

Aritz Maldonado 2018ko urr. 19a, 14:50

Zaloa Fuertes argazkilaria zineman lehenbiziko pausoak ematen ari da Fermin Muguruza artistaren eskutik. Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, Muguruzaren 'Black is Beltza' zinema-areto komertzialetan ibilbidea egiten ari da joan den asteaz geroztik. Nobela grafikotik film animatura egin du jauzi artista irundarraren azken sorkuntzak, eta bertan parte hartu du Fuertesek.

Zelan joan da pelikularen grabaketa prozezua?
Black is Beltzaren kasuan, gida ahotsak grabatu ditut, aktoreek horren gainean aktuatu eta grabatzeko alde batetik, eta animazioak egin ahal izateko bestetik. Nik Esperanzita aktore mexikarraren ahots gida egin nuen. Egun bateko grabazioa izan zen, oso dibertigarria. Horrez gainera, argazki eta bideo batzuk egin nituen makin of-erako eta pelikula amaieran dagoen pertsonaien eta aktoreen aurkezpenerako.

Ez da lehenbiziko aldia Muguruzagaz lan egin duzuna.
Zuloaken ere parte hartu nuen. Hori izan zen zinemagaz izan dudan lehenbiziko hartu-emana langile moduan. Bietan oso gustura aritu naiz, eta jende interesgarri asko ezagutu dut. Itzelezko aukera izan da niretzat.

Nolakoa da Ferminegaz lan egitea?
Fermin pertsona ikaragarria da. Zerbait buruan sartzen zaionean, lortu artean jo eta ke dabil horregaz. Pentsa, Black is Beltzak hamar urte behar izan ditu ideia eduki zuenetik gauzatu den arte. Pelikulagaz bakarrik, ia urte eta erdi egon da beharrean, beraz gain inork ez zuelako sinisten proiektuan. Bestalde, beragaz lan egitea luxua da, asko ikasten delako. Mugitzen daki, jende pilo bat ezagutzen du eta oso pertsona argia eta langilea da. Estudioan, adibidez, zerbait berak gura bezala irten arte, ez ginen gelditzen. Oso zorrotza da, eta langile fina. Eta jende oso onagaz inguratzen da.

Nolako harrera izaten ari da zinema aretoetan?
Zinemaldiko aurkezpenean talde osoa egon ginen eta oso polita izan zen. Orokorrean, harrera nahiko ona edukitzen ari da. Pelikula oso indartsua da, informazio asko gordetzen duena. Oso ohikoa da hori Ferminen lanetan. Gainera, lantaldea hainbat lekutara joan da pelikula aurkeztera, eta ziur zine jaialdietan ere mugituko dutela.

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Pare bat liburutan nabil beharrean. Astiro, baina ziur. Proiektuetako bat Zuganako Bidea da. Kartzelara egiten ditudan bidaiei buruzkoa da. Ez da presoari eta bere sentimenduei buruzkoa; kanpotik ikusten dena islatzen saiatzen naiz. Bestalde, Arrate Mardaras idazleagaz beste proiektu batean lan egiten ari naiz. Geldi, inoiz ere ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!