“Trinketean aurrean aritzea futbolean atezaina izatea lakoa da; sarea zaindu behar duzu”

Joseba Derteano 2018ko urr. 13a, 10:30

Bote luzeko finala joan zen zapatuan jokatzekoa zen, Oiartzunen. Bizkaia eta Gipuzkoa, aurrez aurre. Hasi eta berehala, partidua bertan behera utzi zuten, euriagatik. Bizkaiko boskotean, bi eskualdekoak ziren: Egoitz Amantegi eta Aitor Arabiourrutia (Abadiño, 1991).

Euriagaz ezinezko bihurtzen da bote luzean jokatzea?
Hasieran zirimia egin zuen eta, tira, jokatu zitekeen, baina gero euri asko bota zuen eta pilota geratu egiten zen putzuetan. Lesionatzeko arriskua ere bazegoen. Azkenean, denon artean erabaki genuen geratzea. Seguruenik, azaroaren 1ean jokatuko dugu.

Partidua hasiberri zegoen. Zelako itxura hartu zenion talde gipuzkoarrari?
Jokoaren pisurik handiena atzelariek hartzen dute eta talde bietakoek antzeko maila dute. Beraz, nork duen egunik onena, nork konfiantzarik handiena… hortxe egon daiteke gakoa.

Bizkaia iaz batu zen bote luzeko txapelketara. Zu zerk animatu zintuen parte hartzera?
Lehenengoz probatu genuenean, "Hau zer da?" pentsatu genuen. Arau asko ditu, aldagai asko, eta ez da erraza ulertzeko. Nik oraindino ere galdetu egin behar izaten dut noizean behin. Hala ere, hasierako egun horiek kenduta, gerora nahiko gustura sentitu naiz. Iaz partidu bat jokatu nuen eta aurten gehiago jokatzeko aukera izan dut.

Lehenengo parte hartzean txapela irabazi zuen Bizkaiak, eta aurten berriro finalera.
Iazkoa ez genuen espero. Dibertitzeko helburuagaz hasi ginen eta, apurka, talde ona genuela eta irabazteko aukerak genituela konturatu ginen.

Dibertsioa presio bihurtu da?
Iaz irabazita, ematen du aurten ez irabaztea porrota izan daitekeela, baina kontuan hartu behar da aurkariek guk baino esperientzia handiagoa dutela modalitate honetan eta ez dela erreza.

Frontoi luzean zein trinketean, Euskal Herriko txapela irabazitakoa zara. Zein modalitatetan zaude gusturen?
Askotan egin didaten galdera da. Trinketea eta frontoia bateragarriak dira niretzat. Beste askorentzat ez, ostera. Trinketean ikasitako gauza askok balio izan didate frontoian. Bietatik zein aukeratuko nuen? Ez dakit, ba. Trinketean jende gutxi gaude, betikoak gara. Aurkari berrien pizgarririk ez egoteak, frontoirantz tiratu zaitzake. Baina, joko moduan, nik gehiago gozatzen dut trinketean.

Zer irakatsi dizu trinketeak?
Beti esan dut trinketean aurrean jokatzeak defendatzen erakusten dizula. Bote laster asko, boleaz asko… Futbolean atezaina izatea lakoa da; sarea defendatu behar duzu. Erreflexuak lantzen dira.

Irabazi duzun txapelketetatik, zein izan da bereziena?
Denak dira bereziak, baina utzidazu irabazi ez dudan txapelketa bat bereizten: Elgetako lau t'erdikoa. Orain ez da jokatzen. Urtero jokatzeko irrikan egoten nintzen txapelketa da. Fama handia zuen, lau t'erdia beti gustatu izan zait, giro berezia egoten zen… Ez dakit, konexio berezi bat nuen txapelketa haregaz eta amaitu zenean pena handia hartu nuen. Urte batean, final-laurdenetara edo zortzirenetara heldu eta Danel Elezkanok kanporatu ninduen.

Elezkanok Irribarria kanporatu berri du lau t'erdiko txapelketan. Aramako izarrari zeuk ere irabazi zenion behin kaiolan.
Bai, curriculumean jartzeko daukadan garaipena da. Lagunei-eta, beti anekdota horixe kontatzen diet, broman. Olazar txapelketa izan zen, orain lau-bost urte. Ez zen izan txapelketako partidua, lagunartekoa baizik. Aitor Elordiren kontra jokatuko nuela esan zidaten. Bertaratu eta… Irribarria. Gazte-gaztea zen, baina bazuen izena. Nik bost urte gehiago nituen. Bera eskuko lesio batetik irten berria zen. Partidu gogorra izan zen eta 22-18 irabazi nion. Gogoan dut eskumagaz zein ezkerragaz atera zituela sakeak. Partidu parekatua izan zen.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!