“Erandioko Goierrin sokatira erlijio bat da; modu berezian bizi dute eta horren parte izatea gauza handia da”

Joseba Derteano 2018ko ira. 28a, 18:50

Abadiñar bat Erandioko taldean. Han bizi zen sasoian batu zen Goiherrira. Orain Abadiñon bizi da, baina bere bihotz zati batek Erandioko Goierri auzoan erroldaturik jarraituko ei du betirako. Munduko txapelketetatik itzuli berri da eta hango esperientzia kontatu du, baina sokatiraren egoeraz ere aritu da. Diskurtsodun mutila da, patxadaz eta ahobizarrik barik mintzo dena.

Pisu bitan lehiatu zinen. Zelan joan ziren tiraldiak?
Mistoetan eta 640 kilora artekoan parte hartu nuen. Nahiko talde berria joan ginen. Neure antzera, taldeko askok gehienez urte bi daramatzate sokan. Sustoa emateko ilusioagaz, baina hankak lurrean genituela joan ginen. Lehenengo eguneko goizean hotz handia egiten zuen. Horrek eragina izan zuen gugan, baina gure gabeziarik handiena esperientzia falta izan zela esango nuke. Han ez dago bromarik. Oso prestatuta daude denak, baita mistoetakoak ere. Euskal Herrian, ostera, ez dago tradizio hori. Talde mistoa egun batzuk lehenago prestatzen da. 640 kilokoan, berriz, bigarren taldeagaz aritu nintzen. Hiru eskoziarrek gugaz tiratu zuten. Aurkari gogorrak egokitu zitzaizkigun: Suitza, Herbehereak… Baina, tira, azkenean horien kontra lehiatu beharra dago, sokatiran mailarik handiena duten taldeak direlako, Euskal Herrikoekin batera. Tiraldi batzuk irabazi eta beste batzuk galdu egin genituen, baina esperientzia ederra izan zen.

Zugaz batera, Durangaldean bizi diren tiralari bi dabiltza Goiherrin. Bata zilarrezko dominagaz itzuli den Iraitz Arrien Urza gernikarra.
Meritu handiko bigarren postua lortu zuten 560koan. Finalerdietan Laukizko Gaztedi taldea kanporatu zuten. Euskal Herriko probetan Gaztedi aurretik ibili izan da. Bagenekien abuztuan egin genituen entrenamenduak oso onak izan zirela, eta hobetu genuela. Bederatzi minutuko tiraldiak izan ziren, bada zerbait. Jende askok dioenez, txapelketako ikusgarrienak eta politenak izan ziren. Finala alemaniarrez eta suitzarrez osatutako talde baten kontra galdu zuten.

Bestea neska-laguna duzu, Itsaso Marin Muñoz algortarra.
Gauza handi bat lortu dute. 20 urte ziren Goiherrik nesketan talderik ez zuela, eta zortzi neska elkartzea eta taldea berreskuratzea lortu dute. Nik argi dut hori. Talde berri bat sortzeak beste batzuen sorrera ekarri dezake, eta hori garrantzitsua izan daiteke hurrengo munduko txapelketara begira. Ez dugu ahaztu behar Euskal Herrian izango dela 2020ko munduko sokatira txapelketa.

Goma gainean eta lur gainean, bietan tiratu duzu. Zeintzuk dira bataren eta bestearen arteko alde nagusiak?
Oso ezberdinak dira, teknikoki zein fisikoki. Goma gainekoa estatikoagoa da, potentzia ariketa bat. Lur gainekoa oso mugitua da. Alboz tiratzen da. Ezkerreko hanka da eusten duena eta eskumakoa beti adi, edozein mugimendutarako.

Orpoa lurrean ondo sartzeak garrantzitsua ematen du. Mezu bat bidaltzen da: "Atera gaitzazu hemendik ahal baduzu".
Edo honako mezu hau: "Kontuz, ze tokitik aterako zaitut hurrengo tirakadan". Tiraldian zehar topeak sortzen dira. Gauza bat argi izan behar duzu: topetik ateratzen bazaituzte, galdutzat eman dezakezu tiraldia. Hori da lur gaineko sokatiraren gakorik nagusienetakoa. Burutsu jokatu behar den kirola da.

Txirrindularia izana zara. Zeozelan lagundu dizu sokatirarako?
Sokatirak eta bizikletak antzekotasunik badute, honakoa da: besteak baino gehiago sufritzeko kapaz izan behar duzu. Bizikletan izan nuen pekaturik handiena da ez nuela lortzen azken arnas puntua ematea. Baina ikasi egiten da. Bizikletan zeu zara, baina sokatiran beste zazpi kide dabiltza zugaz batera. Dena eman beharra dago. Batzuetan besteek animatzen zaituzte, besteetan zeuri egokitzen zaizu laguna animatzea. Taldea gara.

Zelan batu zinen Erandioko Goiherri taldera?
Kuriosoa da. Neska-laguna eta biok Erandion bizi izan ginen bolada batean. Erandioko Goierri auzoan, Bizkaiko sokatiraren sorterrian, esan genezake. Sokatira eskola etxetik 100 metrora nuen, baina ez nintzen eurekin batzera ausartzen. Abadiño Sokatira Taldean ibilia nintzen, baina espezialitate desberdinak dira eta ez nekien moldatzeko kapaz izango nintzen. Harik eta han zebilen lagun batek proposatu zidan arte. Orain Goierri auzoa nire bihotzeko parte dut. Harro diot gainera. Sokatira modu berezian bizi dute. Sokatira erlijio bat da han. Horren parte izatea gauza handia da.

Zelan lantzen dute harrobia?
2020ko munduko txapelketari begira apustu bat egin dute. 15 urteko gazte batzuk hasi dira.

Akaso horixe da Abadiño Sokatira Taldean orain falta dena?
Alde batetik, futbolak eta beste kirol batzuek asko kentzen dute. Baina, beharbada, ez dugu lortu atzetik erreleboa etortzea. Orain neu naiz taldeko abadiñarrik gazteena. Atxondoko gazte bat ere badabil. Ezagutara ematea falta zaigu. Baina ez da Abadiñoko kontua bakarrik, arazo orokorra da. Gaur egungo errealitatearen erradiografia da. Sokatiraren inguruan lanketa handi bat egin beharra dago. Badakit 2020ko munduko txapelketara begira planak daudela. Epe luzera begirako apustua izatea espero dut, eta ez bakarrik aldi baterakoa. Horrela bada, txikitik gauza handiak lortu ditzakegu, arraunketagaz eta pilotagaz gertatu zen moduan. Munduko txapelketan 2.000 pertsona inguru etorriko dira. Abagune bat dugu, ez sokatiran bakarrik, baita nazio moduan ere.

2020ko txapelketa hori lanean jarraitzeko motibazioa da zuretzat?
Jakina, data garrantzitsua da. Ez niretzat bakarrik. Nire taldean badago jende bat 20 urte daramatzana sokan, lesio inportanteak izan dituena eta medikuak "argi ibili" esan diona. Baina denek diote: "2020ra arte, aurrera!". Herri bat, nazio bat mundura begira eta maite duzun kirola egiten.

Bazabiltza Abadiño Sokatira Taldean?
Banabil eta jarraitu gura dut, baina ez dakit zer egingo dudan. Familia, ikasketak, lana, lesioak… azkenean horiek denek neure tokian jarriko naute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!