“Logroñesen jokalari oso onak daude; goian, igoerarako borrokan, egoteko proiektu bikaina dela uste dut ”

Maialen Zuazubiskar 2018ko uzt. 21a, 10:50

Umetatik futboleko baloia bidelagun izan du Lander Olaetxeak (Abadiño, 1993). Azken urteotan, gainera, afizio zuena ogibide bihurtu du abadiñarrak. Aurki hasiko den denboraldi berrian Logroñes taldean arituko da futbolaria. Futbolean aritzeaz gain, Haur Hezkuntza ikasi du, Lehen Hekuntza ikasten dabil, eta umeekin lan egitea du amets Olaetxeak.

Denboraldi berrian Logroñesen arituko zara. Nolatan hartu duzu Gernika utzi eta Logroñora joateko erabakia?
Logroñesekoa hiri baten proiektu garrantzitsu eta polita da. Gainera, herria bera ere polita da; beraz, hori guztia batuta hartu nuen erabakia.

Zaila izan da "etxean", Gernikan, jokatzen egotetik kanpora joateko erabakia hartzea?
Lehen aldia da etxetik kanpo joango naizena, eta horrek, talde berri batean futbolean aritzeaz gain, beste hainbat gauza ere badakartza: Logroñon bizitzea, esate baterako. Hala ere, ordu eta erdian etxean nago eta horrek asko lagundu du erabakia hartzerako orduan.

Dagoeneko izan duzu lehen hartu-emana taldekideekin.
Joan zen eguenean izan genuen lehen entrenamendua, eta taldeak itxura oso polita du.

Nola ikusten duzu taldea datorren denboraldira begira? Mailaz igotzeko aukerarik baduzuela uste duzu?
Logroñesen jokalari oso onak daude; goian, igoerarako borrokan egoteko proiektu bikaina dela uste dut. Printzipioz, taldea mailaz igotzeko moduan egongo delakoan nago, baina hainbat baldintza bete beharko dira horretarako. Gainera, denboraldiak luze jo dezake eta ikusi egin beharko da gauzak nola doazen.

Orain lau denboraldi hirugarren mailako talde batetik Athleticen bigarren taldera pasatu zinen, bigarren mailara. Jauzi handia izan zen?
Egia esanda, hirugarren mailatik bigarren mailarako jauzia nahiko handia izan zen. Baina, ez nuen partidu askorik jokatzeko aukerarik izan.

Hurrengo urtean, berriz, Athleticegaz bigarren B mailan aritu zinen, eta aurten ostera, Gernikagaz. Dagoeneko mailara egokitu zarela esan daiteke?
Bigarren mailatik bigarren B mailara pasatutakoan, erosoago sentitu nintzen eta gustura aritu nintzen.  Aurten, berriz, pausotxo bat aurrera egin dut eta dagoeneko mailara egokitu naizela esan dezaket.

Gernikan zenbait postutan jokatu zenuen, hainbat rol hartuz. Logroñesen non arituko zaren badakizu?
Gernikan lekuz aldatzen ninduten, beharrizanen arabera. Partiduak erdi puntako jokalari moduan hasten nituen eta, partiduan zehar, jokalariren bat falta bazen, mugitu egiten ninduten. Logroñesen ere neure postua izango dut; printzipioz, erdian jokatuko dut. Baina beharrizanik egonez gero, aldatu egingo naute. Hainbat postutan jokatu dezaket, eta horixe da nire bertuteetako bat.  

Azken denboraldian, Athleticeko taldekide ohien kontra jokatzeko aukera izan zenuen. Aurten ere, horien kontra arituko zara, eta baita Gernika eta Kulturalekoen kontra ere. Nolakoak izaten dira partidu horiek?
Taldea hurbilekoa izanik, beti jokatzen duzu ezagunen kontra eta, egia esan, polita da lagun edo ezagunen kontra aritzea. Iaz, esaterako, Athleticen kontra neuk sartu nuen lehenengo gola, futbolarion artean ezaguna den jokalari ohiaren legea betez. Aurten lege hori betetzen bada, hiru gol ziurtatuta izango ditut (barrez).

Orain urte batzuk zure taldea izan zen Kulturala. Aurten, mailaz igotzea lortu du.
Izugarri poztu ninduen Kulturalaren igoerak. Tabiran harmailetatik ikusi nuen partidua, eta bertan ospatu nuen taldearen igoera. Gainera, pozarren nago aurten Tabirara itzuliko naizelako. Pena da Kulturalagaz ez itzultzea, baina hau bizitzako beste etapa bat da. Denbora batera, oraindik hemen aritzeko aukera izango dudalakoan nago.  

Nola uste duzu arituko dela datorren urtean Kulturala?
Uste dut aurtengo taldeagaz jarraituko dutela, eta ikusi ditudan partiduetan ondo aritu dira. Ikusi egin beharko da nola egokitzen diren liga berrira, baina badituzte ahalmena eta ezaugarriak Bigarren B Mailari eusteko.

Txikitatik zabiltza futbolean. Momenturen batean uste zenuen futboletik bizitzera iritsiko zinenik?
Egia esan, gaztetan ondo ibili nintzen, baina ez nuen pentsatzen nora heldu gura nuen. Niretzat, esaterako, Kulturalagaz Hirugarren Mailan aritzea izugarria zen. Baina, gero, aurrera egiten duzunean eta mailaz maila igotzen zoazen heinean, gauzak beste modu batera ikusten dituzu.

Etorkizunean, non ikusten duzu zure burua?
Urte batzuetan futbolean jarraitzeko asmoa dudan arren, etorkizunean ikasgela batean ikusten dut nire burua. Umeekin egotea gustatzen zait eta ikasi dudan horretatik bizi ahal izatea gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!