“Aurrerantzean herriko ume denek izango dute tokia Abadiño futbol klubean”

Joseba Derteano 2018ko uzt. 13a, 14:10

Abadiñoko Udalak Astola futbol zelaiko belar naturala kendu eta zoru artifiziala jarriko du. Aldagela gehiago ere egingo ditu. Udalak, Abadiño futbol klubak eta Gurasoen Elkarteak adostutako hitzarmenaren ondorioa da. Aldaketa horiekin herriko ume denek izango dute tokia futbol klubean, eta urteetan egon den polemikari behin betiko irtenbidea ematea espero dute. Negoziazioetan Primi Arroyo izan da Gurasoen Elkarteko ordezkaria.

Zein zen egoera akordioaren aurretik eta zertan aldatuko da obrak egiten dituztenean?
Traña-Matienako eskolako futbol zazpiko taldeagaz piztu zen kontua, denboraldi hasieran. Traña-Matienako erabilera anitzeko kantxa gogorrean barik, gaztetxoek beste zoru mota batean entrenatu beharko luketela esan zidaten gurasoek eta Abadiñon ez zegoen tokirik. Beraz, lanean hasi nintzen eta Berriz futbol klubeko koordinatzaileagaz hartu-emanetan jarri nintzen. Oso ondo hartu gintuen, ez zigun bat ere trabarik jarri. Materiala utzi eta ordutegiekin lagundu ziguten. Hara joateko autobusa Guraso Elkarteak ordaindu zuen. Oro har, ume denek Abadiñon ibili gura dute, kluba eta Astolako azpiegiturak Athletic balira moduan ikusten dituzte eta. Baina ezin zen. Berrizen eman zuten urtea eta, egia esanda, oso pozik joaten ziren. Hala ere, arazoak hor jarraitzen zuen eta gurasoek kexa bat zuten: zergatik ezin zuten herriko ume denek Abadiño futbol klubean jokatu? Beraz, klubera zein udalera jo genuen.

Beraz, Gurasoen Elkartetik abiatutako prozesua izan zen?
Bai. Izan ere, urtero berpizten zen gaia zen. Aurten egoera bideratzeko aukera izan dugu eta aurrerantzean herriko ume denek izango dute tokia Abadiño futbol klubean. Hurrengo denboraldian Traña-Matienako eskolako hiru talde eta Zelaietako bat batuko dira klubera.

Zelaietako eskolako ordezkaria ere izan zara negoziazioetan?
Bai. Bietarako ibili naiz. Zelaietako Guraso Elkartearen bitartez hango gurasoekin batu nintzen eta egoera azaldu nien. Hasieran, "zergatik orain bai eta lehen ez?" eta antzerakoak entzun nituen, baina, azkenean, umeak dira garrantzitsuena; umeek Abadiñon jokatu gura dute eta horren alde lan egin dugu.

Zein zen ume denek Astolan ez jokatzeko oztopo nagusia?
Astolako azpiegituretan ez zegoela toki nahikorik denak hartzeko. Horixe zen oztopo nagusia. Belar naturaleko zelaia polita da, baina gaur egun ez da errentagarria. Partidu bat jokatu eta astebeteko zainketa behar du, berriro jokatzeko moduan geratu dadin. Eta Astolako zelai artifizialak ezin zituen ume denak hartu.

Beraz, zoru artifiziala jarrita ume gehiagorentzako tokia egongo da.
Bai. Belar artifizialeko zelaia lau zatitan banatu daiteke eta bakoitzean gaztetxoen talde bat entrenatu ahalko da. Traña-Matienan gaztetxoak bertako erabilera anitzeko kantxan ibiltzen dira 10 urte egin arte, azpiegitura hark ere erabilera izan dezan. Ondoren, 10 urte dituztenean, ikastetxean izena emanda dauden gaztetxoen zerrenda Abadiño klubari eman eta taldera pasatuko dira zuzenean.

Zelakoa izan da Guraso Elkartearen, udalaren eta Abadiño klubaren arteko hitzarmenaren negoziazioa? Eztabaida asko egon da?
Alde denentzat onuragarria dela uste dut. Lehenik eta behin, herriarentzat. Bigarrenik, gurasoentzat eta umeentzat. Abadiñoko zuzendaritzaren partetik ez didate traba bakar bat jarri. Batzar luzeak izan ditugu eta, batzuetan, iritzi desberdinak egon dira. Horrelakoetan, eztabaida gehiago edo gutxiagogaz, adosguneak bilatu behar dira.

Zein da eztabaidarik handiena eragin duen puntua?
Futbol zelaia. Zuzendaritzakoek behin baino gehiagotan esan izan dute zelaiko zorua aldatuta ez zutela inongo arazorik gaztetxo denak hartzeko eta kirol arlo osoaren kargu egiteko.

Udalagaz zelan konpodu zara?
Ondo. Udalak futbol zelaiko lanak egingo ez balitu, besteon ahalegin denak alferrik izango lirateke eta berdin jarraituko genuke.

Gurasoen ikuspuntua jasotzea ere egokituko zitzaizun. Zelakoa izan da hartu-emana eurekin?
Orokorrean, ona. Kanpotik gazteak ekartzen zituztela eta herrikoak kanpoan geratzen zirela, horixe zen euren kezka. Hortik aurrera, egia esanda, babes handia izan dut gurasoen partetik. Batez ere, aurten Berrizen entrenatzen aritu diren gaztetxoen gurasoak nigaz  bat egon dira, erabat. Are gehiago; Berrizera joateko autobusa aurkitu arte kotxeetan joan beharko zutela esan nien, eta ez zuten arazorik izan. Eurak antolatu ziren joan-etorrietarako.

Herritik kanpoko gazteak hartzea eta herriko batzuek tokirik ez izatea zer iruditzen zaizu?
Gaur egun klub guztiek egiten dutela uste dut. Zergatik? Ez dakit. Ulertu ere ulertu nezake, nahiz eta nik neuk ez dudan ikuspuntu hori partekatzen.

Arlo pertsonalean gogorra egin zaizu egoera hau guztia kudeatzea?
Prozesu nekagarria izan da. Batzarrak  amaitzen zirenean buruari bueltak ematen jarraitzen nuen. Baina aberasgarria ere egin zait. Futbola gustatzen zait eta, azkenean, erraza izan da. Erraza izan baino, erraz jarri dizkidate gauzak.

Lanak noiz amaituko diren informatu dizuete?
Azaro inguruan amaituko direla esan digute. Azkenean, baimenek eta gainerako izapideek bere denbora eskatzen dute.

Futbol denboraldiak lehenago hasten dira. Lanak amaitu bitartean, zer irtenbide bilatu diozue egoerari?
Buruan darabildan ideia honako hau da: Traña-Matienatik zein Zelaietatik futbol klubera batuko diren taldeak inguruan ditugun gertuko herrietan birkokatzea, behin behinean. Zaldibarren, Berrizen, Elorrion eta Durangon galdetzen nabil. Asmo horrek aurrera egiten ez badu, beste alternatiba bat ikastetxean bertan entrenatzea da. Zementuzko zorua dago, baina, tira, gure aldetik ere jarri behar dugu zerbait.

Guraso Elkarteko kide izateaz gainera, Abadiñoko futbol klubeko bazkide ere bazara. Baten batek pentsatu dezake ez zinela pertsonarik aproposena negoziazioetarako.
Umeak klubetan dituzten guraso guztiak dira bazkideak. Horrelako kontu bat ezin duzu interesagatik egin. Nire semea klubean dabil eta jarrera pasiboagoa hautatu nezakeen: gure elkartera batu, eginbehar batzuetara mugatu eta marra hori ez zeharkatu. Baina uste dut nire semeak duen eskubide bera dutela Abadiñoko ume guztiek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!