Tentsioa osoko bilkuran, Muntsaratzerako sarbideetako arazoari konponbiderik eman ez zaiolako

Aritz Maldonado 2018ko eka. 27a, 13:15

Muntsarazko auzotar talde bat atzoko osoko bilkurara joan zen alkateari azalpenak eskatzeko asmoagaz. Txaleko islatzaileak jantzita, auzorako sarbideetako arazoaz galdegin zioten.

Jose Luis Navarro alkateak legegintzaldi honetan biribilgunerik ez dela egingo erantzun zien. "Foru Aldundiagaz adostasuna egongo dela suposatuta ere, prozesuaren epeak kontuan hartuta, litekeena da legegintzaldia amaitu aurretik biribilgunerik ez egotea", esan zuen. Aldundiagaz 1,2 milioi euroko aurreakordioa zuen udalak biribilgunearen eta errepidearen konponbidearen proiekturako. Navarroren berbetan, baina, Bizkaiko Aldundiak errepidearen eskuduntza Atxondoko mugaraino luzatzeko eskaintza egin die (800 metro). Hori dela-eta, akordioa ostera ere negoziatzen ari dira.

Aurretik, EH Bilduk udalaren "utzikeria" salatu zuen. "Udalak ia 700 herritarren sinaduragaz aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu zuen, eta, hala ere, berdin jarraitzen dugu, ilara luzeekin, semaforoen ziklo txarrekin eta arrisku egoerekin" azaldu zuen Mikel Urrutia zinegotziak. Dokumentuak ezkutatu izana aurpegiratu zion, gainera, Urrutiak udal gobernuari. "Apirilaren 9az geroztik du udal gobernuak errepidean esku hartzeko eskubidea; apirilaren 24ko osoko bilkuran ere galdera berdina egin genuen eta gezurra esan zitzaigun. Azalpen bat gura dugu".

Haserrea, kalera
Muntsarazko auzotarrek semaforoa behintzat "ahal bait arinen" konpontzeko exijitu zioten alkateari, eta, bitartean, protestekin jarraituko zutela esan zuten. Esaterako, bihar protesta egingo dute Muntsarazko sarbideetako semaforoetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!