"Txikitako oroitzapen asko genituela konturatu ginen taldean berba egiterakoan, eta horrela animatu ginen", azaldu du Kati Aranzabalek. Orain bost urte, 2013an, ostera isiotu zuten sua Traña Matienan. Ordutik dabil lanean Edurne Aparicio ere. Jaia antolatzeko taldeko kideetako bi baino ez dira, baina familia osoak daude lan taldean beharrean eta jaiagaz disfrutatzen. "Belaunaldi guztietako jendea dugu hemen, ume, gazte zein nagusi", esan du Apariciok. Aniztasun horrek jaia indartzen duela azpimarratu dute. "Urtero sorpresa bat egin ohi dugu. Aurtengoa ere berezia izango dela aurreratu dezakegu", gaineratu du. Iaz, adibidez, Mikel Laboaren Txoria Txori abestuz agurtu zuten sua.
Festa berreskuratzeko modu xumean hasi ziren beharrean, "bakoitzak ahal zuena ekarrita", baina inoiz 500 bat lagun batzera ere iritsi zirela diote, pozik. Jaialdia autogestionatu ahal izateko, auzoko komertzio ezberdinetan erositako produktuekin eginiko otzara bat zozkatzen dute; komertzioetako batzuk. "Guztia familian geratzen dela esan daiteke", azaldu dute sustatzaileek.
Abadiñon ez ezik, Euskal Herri osoan ere tradizio handiko jaiak dira Sanjuanak. Durangaldean, hainbat egitarau antolatu dituzte herri eta auzoetan. Agendaren atalean agertzen dira egitarau horietako asko.