“Entrenatzaile alemaniar eta italiarrak ditut gustuko, diziplina eskatzen dutenak”

Jone Guenetxea 2018ko eka. 1a, 14:44

Iñigo Martinez Athleticeko jokalariaren kamiseta jantzita etorri da Manu Beltran elkarrizketara. Athleticzale eta Bilbao Basketen jarraitzaile sutsu honi denboraldi honek ez dio poztasun handirik eman.

Oso Athleticzalea ei zara. Denboraldi honetan sufritu egin duzu?
Irabazita ere beti sufritzen dugu. Baina denboraldi honetan hondoko itsaso handia izan dugu. Emaitza txarrak, lesionatu asko, denboraldia azkar hasi izana… Vocento taldeak ere Athleticeko zuzendaritzaren kontrako kanpaina egin du.

Cuco joan da. Erabaki ona izan da?
25eko lan talde batetik eta talde teknikotik merkeagoa da bat botatzea 25 baino. Baina ez dut uste egoeraren arduradun bakarra denik. Jokalari askok ere ez dute maila eman. Denboraldi amaieran gaude eta jokalari batzuek ez dute izerdirik bota. Aritz Adurizek eta Rulok [Raul Gartzia] adin bat dute eta sasoia hartzea gehiago kostatzen zaie.

Zein entrenatzaile ekarriko zenuke?
Heynckes ekarriko nuke, baina jubilatu egiten da. Niri entrenatzaile alemaniar eta italiarrak gustatzen zaizkit, diziplina handia eskatzen dutenak. Berba egiten dutenean, esan beharreko guztia esaten dute. Hegoamerikarrek berba asko egiten dute, baina ezer ez esateko. Eduardo Berizzo ekarri dute, eta zorterik onena opa diot. Baina nik Clemente, Heynckes, Caparrós edota Luis Fernandez ekarriko nuke.

Athleticeko historian zein entrenatzailegaz geratzen zara?
Clemente, Heynckes eta Valverdegaz. Bestalde, Barçak Txingurri gura ez badu, datorrela gurera. Langilea, etxekoa eta profesionala da. Oso ondo ezagutzen du taldea.

Zein partidu gogoratzen duzu gehien?
Athletic-Lech Poznan, 1984ko Europako Kopan. 2-0 galdu genuen Polonian, eta hemen 4-0 irabazi genuen. San Mameseko partidua gogoangarria izan zen. Inoiz ikusi dudan onena. Gainera, partidu honen aurretik, Goikoetxeari 18 partiduko zigorra ezarri zioten Maradona lesionatzearren.

Kamiseta piloa ei duzu.
Athleticen 43 kamiseta ditut, azkena Iñigo Martinezena.

Fitxaketa horrek polemika sortu du.
Ez dut ulertzen zergatik. Griezmann badoa, eta ez du inork ezer esaten. Ilarramendigaz, berdin. Baina gurera datorrenagaz, bai. Athletic txarren tratatzen duten zelaia da. 80ko hamarkadako egunkarietako albisteak gordeta ditut, eta Athleticen kexak agertzen dira sasoi hartako Atotxan jasotako tratuagatik. Beraz, hau aspalditik dator.

Urtero erosten duzu kamisetaren bat?
Normalean urtero erosten dut bat, bai, baina badaude urteak lau erosi ditudanak, gustuko ditudalako. Jokalariek emandako kamisetak ere badauzkat. Imanol Etxebarria atezainarena daukat. Iraolaren 2004ko UEFAko Trabzonsporren kontrako partidukoa ere badaukat. Solabarrietarena, Arriagarena... Baina ilusiorik gehien egiten didatenak Ustaritzena eta Iturrasperena dira, nire moduan, abadiñarrak direlako. Etxekoak dira eta balio horiek ezin ditugu galdu.

“Ketchuparen kamiseta” ere baduzu?
Bai, jakina. Hori ez zen ohiko kamiseta bat. Europan erabiltzeko atera zuten. Hiru partidu jokatu zituzten horregaz. Polemika sortu zuen, baina orain enkantean erostera bazoaz, garestiena da. Kamiseta hori artelana da eta hiru museotan dago. Nik bi dauzkat, eta ez nituzke ezergatik ere salduko.

Athleticen historiatik zein jokalari azpimarratuko zenuke?
San Mamesera joan nintzen lehenengo aldian, 1976an, Athletic-Hercules ikustera joan nintzen. 11 urte izango nituen. Txopoaren [Jose Angel Iribar] irudia, beltzez jantzita, ahaztezina da. Bestalde, sasoi berri bat markatu zuena eta gazteak partiduak ikustera erakarri zituena Julen Guerrero izan zen. Beste sasoi batzuetan ere jokalari gogoangarriak izan ditugu, Karmelo Cedrun, esaterako, baina nik ez ditut jokatzen ikusi.

Eta nesken taldeari jarraitzen diozu?
Bai, jakina. Nesken partiduak ikustera joatera animatzen dut jendea. Gehienek ez dakite Athleticeko nesken partidu bategaz zenbat gozatu daitekeen. Talde guztiek kanpoko jokalariak ekartzen dituzte eta lehia handia dute, baina aurten hirugarren amaitu dugu. Ligak eta kopak irabazi ditugu.

Imanol Exeberriaren peñagaz jarraitzen duzue?
Bai. 1997tik peñaren egoitza Anboto tabernan dugu. 1994an Kulturalera etorri zen, eta harrezkero ezagutzen dut. Imanol oso pertsona ona da.

Ander Gandarias, Telmo Zarra, Bert Williams eta Manu Beltran, Zarrari egindako omenaldian (1977)

 

Eli Ibarra eta Manu Beltran

 

Zapoherri lagunartea Imanol Etxebarria

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!