1,2 milioi euro inbertituko dituzte futbol-zelaia berritzeko eta gimnasioan estalki berria jartzeko

Aritz Maldonado 2018ko mai. 31a, 10:23

Udalbatzak 1,6 milioi euroko kreditu aldaketa onartu du Astolako futbol-zelaia berritzeko, gimnasioan estalki berria jartzeko, Mendiolako errepidea konpontzeko eta Matienako Trañabarren kaleko txintxaun gunea estaltzeko (Pino plaza).

Gobernu taldeak —Abadiñoko Independienteak eta EAJ— bozkatu du alde. EH Bilduk, berriz, lan horiek "beharrezkoak" direla onartu arren, ezezko botoa eman du, "ez delako ezer eztabaidatu eta etorkizuna hipotekatuko delako". Gai hauek batzordean aztertzea eskatu du EH Bilduk, "lehentasun zerrenda bat egitea eta horren arabera obrak gauzatzea", hain zuzen.

Futbol-zelairako, ia milioi bat
Aurten egin gura dituzten obra hauetarako, azken urteetan pilatutako soberakina erabiliko dute.  Zelai artifiziala jarriko dute Astolako futbol-zelaian, "maizago erabiltzeko aukera izateko". Argiteria berria ere jarriko dute eta lau aldagela egokitu; partiduen emankizunetarako led teknologiadun pantaila ere jarriko dute. Guztira, 900.000 euro inbertituko dituzte.

Bestalde, Abadiñoko Udalak 300.000 euro erabiliko ditu Astolako gimnasioan estalki berria jartzeko. Beste horrenbeste inbertituko dute Mendiolako errepidean  harri-lubeta bat jartzeko. Hartara, errekak errepidea hondatzea saihestu gura dute, udalbatzarrean azaldu dutenez. Hala ere, Mendiolako lan hauek ez dira uda ostera arte hasiko, "bisoi europarraren hazkuntza errespetatzeko". Bestalde, 130.000 euroko aurrekontua dute Matienan txintxaunak estaltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!