“Baloi bategaz hazi naiz eta Eibar futbol taldean jokatzea ikaragarria da niretzat”

Maialen Zuazubiskar 2018ko mai. 26a, 10:30

Txikitatik futbolean jokatzen dabil Iratxe Moreno abadiñarra. Mutilekin jokalari moduan hasi zen, eta gaur egun Eibar Futbol Klub taldeko atezaina da.

Asteburuan Euskal Kopako partidua izan duzue Athleticen kontra, eta porrotak kopatik kanpo utzi zaituzte.

Hamabosgarren minuturako lehenengo gola sartu ziguten eta horrek motibazio gutxigaz utzi zuen taldea. Ezinezkoa egin zitzaigun horri buelta ematea. Gainera, behin Athleticek lehen gola sartuta, oso zaila izaten da haiei aurre egitea.

Beraz, esperotako emaitza izan zen?
Egia esan, esperantza handia geneukan. Ligako partiduan berdindu egin genuen, eta gogotsu geunden. Gainera, berdinketa behar genuen sailkapen fasea igarotzeko. Baina ezinezkoa izan zen.

Hirugarren postuan amaitu duzue denboraldia. Urte hasieran, horrelako denboraldia egingo zenutela uste zenuten?
Ez, nik neuk imajinatu ere ez nuen egiten. Taldea ikusi eta entrenatzen hasi ginenean, sailkapenean erdi inguruan ibiliko ginela uste nuen.Mailari eusteko borrokan ere ibili gintezkeela pentsatzen nuen. Baina, begira, orain itzelezko taldea daukagu, giro ezin hobea dugu eta entrenatzaileak lan izugarria egin du gugaz. Gainera, momenturen batean liga irabazteagaz ere amestu dugula esan dezaket.

Aurten talde gaztea izan duzue. Horrek etorkizun hurbil batean zuen helburua, mailaz igotzea, lortzeko esperantza ematen dizue?
Datorren urtean taldea oraindik hobea izango da, ziur nago. Aurten egin dugun denboraldiagaz eta eman dugun irudi onagaz, Eibarrek emakumezko taldearen alde ere egingo du apustu eta horrek indarberritu egingo du taldea.

Orain lau urte Bigarren Mailara igotzea lortu zenuten, eta azken hiru denboraldietan maila horretan zaudete. Nolako urteak izan dira?
Lehenengo urtea oso gogorra izan zen. Partidu bat geneukan bakoitzean, nora goaz, zer egiten dugu hemen... eta halako galderak egiten genizkion geure buruari. Lehen urte hartan, mailaz ez jaisteko borrokan ibili ginen. Hala ere, denboraldi polita egin genuen.

Hurrengo urtean pauso bat aurrera eman genuen, eta oso ondo aritu ginen. Aurten, berriz, hirugarren postua lortu dugu. Hau guztia entrenatzaile berriari eta egin dugun taldeari esker egin dugu.

Dagoeneko mailan egonkortuta zaudete. Datorren urtean Lehen Mailara igotzeko borrokatuko zarete?
Hasieran, Bigarren Maila oso gogorra izan zen guretzat, eta maila horri eusteko borrokatu ginen. Datorren denboraldiko helburua, berriz, argia izango da: Lehen Mailara igotzeko borrokan aritzea. Hala ere, denok dakigu zaila izango dela helburua lortzea.  

Nola gogoratzen duzu Euskal Kopatik igo zineten momentua?
Izugarria izan zen, oso polita. Mutilek liga irabazi eta Lehen Mailarako igoera lortuko balute bezalakoa. Eibarren omenaldia egin ziguten San Juan jaietan. Gainera, kamioi batean atera gintuzten eta herritarrek harrera itzela egin ziguten. Inoiz ahaztuko ez dudan unea izango da.

Ipuruan ere jokatu duzue. Zer sentitzen da bertan jokatzerakoan?
Ipuruan jokatzea itzela izan zen. Aldagelak, zelaia... dena da izugarria. Bertan egon ginenean, guk horrelako zerbait noiz izango dugun pentsatzen egon nintzen. Hau ere ez dut inoiz ahaztuko.

Bederatzi urte daramatzazu Eibarren. Taldean gustura zauden seinale.
Eibarren oso pozik nago, bai. Futbola dena da niretzat, txikitatik dudan hobby bat. Baloi bategaz hazi naiz, eta Eibar taldean jokatzea ikaragarria da niretzat. Hala ere, talde honetan egotea ardura handia ere bada.

Zer eman dizu Eibarrek?
Eibarri esker jende berria ezagutu dut eta lagun asko egin ditut. Horrez gain, pertsonalki ere asko lagundu dit.

Zure hasierako urteetara begiratzen badugu, jokalari moduan jokatzen zenuen lehenengo, eta gero hasi zinen atezain.
Neskato askoren moduan, mutikoekin hasi nintzen futbolean jokatzen. Baina, garai hartan, atezain faltan geunden, eta sarritan neu jartzen nintzen atepean. Batzuetan jokalari moduan aritzen nintzen, eta beste batzuetan, atezain. Gero, Matienan nesken futbol taldea sortu genuen eta bertan jokalari moduan nenbilen, baita Abadiñoko taldean ere. Partidu batzuetan atezain postuan jokatu nuen, baina gehienbat jokalari aritu nintzen.

Jokalari moduan ere bazenuen talentua. Pentsatu duzu inoiz atezaina beharrean jokalaria bazina non egongo zinatekeen?
Askotan pasatu izan zait burutik. Hamabi urtegaz Bizkaiko selekzioan nenbilen eta Euskadikoan sartzekotan egon nintzen. Gainera, Eibarko koordinatzaileak jokalari moduan fitxatu gura ninduen, eta gero atezain  hasi nintzen.

Beraz, Eibarko atezaina beharrean, jokalaria izan behar zinen?
Eibarren jokalaria nintzela uste zuten, eta lehen entrenamendura eskularruekin agertu nintzenean denak harrituta gelditu ziren. Baina atezain ikusi nindutenean, postu hori niretzat izango zela esan zidaten.

Ardura handia da Bigarren Mailako talde batean atezaina izatea?
Talde guztietako atezainek ardura handia izaten dute. Kontuan hartu behar da guk ezin dugula hutsegiterik egin, guk kale egiten badugu gola sartuko digute eta. Beraz, berdin da ze mailatan egon. Atezain batek gura duen gauza bakarra da bere atea ondo zaintzea eta partiduak ondo irtetea.

Esan didatenez, Abadiñon ez zaizu jarraitzailerik falta.
Egia esan, lagunek asko animatzen naute. Partiduetara sarritan etortzen ez diren arren, beti animatzen naute eta hori pozgarria da niretzat. Esaterako, taldeak bideo bat egin zigun aurreko astebururako, eta nire lagunek ere bideo bat grabatu zuten animoak ematen. Ikaragarria izan zen niretzat.  

Joan zen asteburuan gizonezkoen denboraldia amaitu zen, eta zuen taldekideek, Eibarkoek, bederatzigarren amaitu dute liga. Euskal talderik onena izan da, gainera.
Denboraldi oso ona egin dute eta ondo aritu dira. Guk hirugarren postuan amaitu dugu, baina badakigu haien lorpenak oihartzun handiagoa izango duela. Gainera, aitortu behar dut ni Athleticen jarraitzaile sutsua naizela, eta beti izango naizela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!