Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko azken saioa jokatuko dute zapatuan

Aritz Maldonado 2018ko mai. 24a, 12:22

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko azken saioa zapatu honetan jokatuko dute, Abadiñon.

Matienako Errota kultur etxean izango da saioa, 17:30ean. Arkaitz Zipitria, Asier Urkiza, Eneko Arrate, Gurutz Uruburu, Ibon Larrazabal eta Mikel Aiartzaguena bertsolariak arituko dira kantuan.

Fase honen ostean, udazkenekoa etorriko da; 30 bertsolarik parte hartuko dute hor. Udabarriko Fasetik sailkaturikoek eta 2014ko finalista izan zirenek edukiko dute abesteko aukera; 2016ko txapelketako finalistek, ostera, finalaurrekoetan hasiko dute txapelketa. Apirilaren 14an hasi zen Udabarriko Fasea, eta ia 80 bertsolarik parte hartu dute fase honetan; horietako hogeitahiruk, lehenbizikoz.

Sarriugarte, bigarren
Areatzako kanporaketan, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak 162,5 puntu lortu zituen, eta bigarren sailkatu zen. Ander Ucelay artzentalestarrak irabazi zuen saioa, 169,5 puntu eskuratuta. Regueibertso ekimenaren barruan izan zen sailkapen saioa, udaletxeko areto nagusian. Asteburuko beste kanporaketa Erandion izan zen, eta han Eneko Barruetabeña durangar gazteak abestu zuen. 136,5 puntugaz, seigarren amaitu zuen. Kanporaketa Julen Erezuma gernikarrak irabazi zuen, 173,5 puntugaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!