Auzotar talde batek batzarra egingo du Muntsaratzeko semaforoen inguruan

Joseba Derteano 2018ko mai. 16a, 20:08

Eh Bilduk udal batzarrean aurkeztutako mozioa atzera bota zuen Gobernu taldeak. Batzarra datorren astelehenean, 19:00etan, izango da, Muntsaratzeko udal lokaletan.

Udalbatzarrean aurkeztutako mozioari ezetz esan zioten EAJk eta Abadiñoko Independienteek. Zortzi boto EH Bilduko bosten aurka. Orduan 564 sinaduren babesa zuen mozioak eta gaur egun 704 lagunen atxikimendua duela informatu dute auzotarrek ohar batean. Hain zuzen ere, auzotarrek ezin izan zuten mozioa euren kaxa aurkeztu, eta EH Bilduk aurkeztu zuen beraien partez. "Haserrea eta desengainua sentitzen dugu aurka bozkatu duten taldeen jarreraren aurrean, izan ere, egindako eskarian Muntsaratz-eko auzotar gehienen nahia islatzen zen, eta udal gobernuak bizkarra eman dio", adierazi dute Muntsaratzeko bizilagun taldekoek.

Bizkaiko Foru Aldundiari ibilgailuen fluxuaren gaineko azterketa bat egiteko eskatzen zuen mozioak, besteak beste. Ondoren, emaitzak aztertuta, Muntsaratzeko semaforoen arazoari irtenbide integral bat ematea litzateke auzotarren ustez jarraitu beharreko bidea. Izan ere, "ezer gutxirako balio digu, udalak Aldundiarekin duen ahozko, telefono bidezko balizko akordioak; honen arabera, udalak errepidearen titulartasuna eskuratu beharko luke, eta beharrezkoak diren aldaketak egiteko dirua aurreratu eta gastuak finantziatu beharko genituzke Abadiñoko herritarrok".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!